Makroproiektu berriztagarriei buruzko dokumentala eta solasaldia Ordizian
'Vidas Irrenovables' dokumentala eskainiko dute Herri Antzokian. Amaieran, Francisco Vaquero zuzendariarekin solasaldia izango da. Dohainik da.

Landarlan Ingurumen Elkarteak antolatuta, eta udalak lagunduta, makroproiektu berriztagarrien inguruko Vidas Irrenovables (Bizitza Ez-berriztagarriak) dokumentala ikusteko aukera izango da apirilaren 10ean, 19:00etan, Herri Antzokian.
Landarlanen esanetan, «bidezko trantsizio ekosoziala gaur egungo erronkarik handienetakoa» da: «Kontsumo energetiko askoz txikiago batera eta erregai fosiletan oinarritutako energia sorkuntzatik, berriztagarrietara aldaketa egitea, tokiko beharretara zuzenduta, kudeaketa eta gobernantza komunitarioa oinarri duela».
Gizartean duen eragina
Era horretan, Vidas Irrenovables ikus-entzunezkoak «erregai fosiletan oinarritutako energia-iturriak makroberriztagarriekin ordezkatzeak ekosistemetan, ekonomian eta gizartean duen eragina mahai gainean jartzen du». Proiektu horiek «estatu espainiarreko nekazal inguruan kaltetu dituzten hainbat pertsona eta talderen testigantzek osatzen dute filma, eta, horrez gain, energia berriztagarriak behar bezala eta ingurumena errespetatuz erabiltzeko jarraibideak» bildu dituzte bertan. Antonio Turiel eta Francisco Varela zientzialariek ere parte hartu dute dokumentalean. Dokumentalak 90 minutuko iraupena du. Dohainik da.
Solasaldia ere bai
Dokumentalaren zuzendaria, Francisco Vaquero, Ordizian izango da bihar eta dokumentalaren amaieran, solasaldia izango da, «gaia modu sakonago batean jorratzeko asmoz». Vaquero zuzendari independentea da, Extremadurako (Espainia) landa eremukoa.
Dokumentala zein solasaldia gaztelaniaz izango dira, nahiz eta ikus-entzunezkoak euskarazko azpitituluak izango dituen, Donostiako Groseko Hondarpe auzo-elkarteari esker.