Musikaz eta emozioz beteriko kontzertua
Ordiziako Oroith Abesbatzak 40. urteurreneko kontzertua egingo du larunbatean. Junkal Guerrerok enkarguz egindako ‘Nota bakoitza zubi bat da’ estreinatuko dute.

Oroith Abesbatza 40. urteurrena ospatzen ari da aurten eta larunbatean, 20:30etan, Ordiziako elizan, ekitaldi nagusienetako bat izango da: «Musikaz eta emozioz beteriko kontzertu handia» iragarri dute. Oroith eta Oroith Txiki abesbatzetako gaur egungo eta garai bateko 50 koralistak baino gehiagok parte hartuko dute, Tolosako Hodeiertz abesbatzarekin eta Amets Bide taldeko dantzariekin batera.
Ekitaldian zehar, abesbatzaren historia erakusten duten irudiak proiektatuko dira, afari batekin eta ospakizun festa batekin amaituz.
Larunbateko ospakizuneko unerik berezienetako bat Junkal Guerrero konpositore andoaindarrak enkarguz egindako Nota bakoitza zubi bat da lanaren estreinaldia izango da. «Piezak abesbatza mistoaren eta haurren ahotsak batzen ditu, eta Pedro Gaztañagaren testu bat du, kantu korala maite dutenentzako ereserki bihurtzeko». Obra berriarekin, Oroith Abesbatzak «sorkuntza garaikidearekin eta euskarazko errepertorioaren aberastearekin duen konpromisoa berresten du, belaunaldien eta musikarekiko pasioaren arteko lotura sinbolizatzen duen pieza hunkigarri bat eskainiz».
Katrin Iturraldek zuzendua
25 urtez Oroith Abesbatza zuzentzen ari den Katrin Iturralderen zuzendaritzapean ariko dira kantuan. 2000. urtean abesbatza mistoaren zuzendaritza hartu aurretik, Oroith Txiki zuzendu zuen 1994tik, eta «funtsezko figura bihurtu zen taldearen bilakaeran».
Bere gidaritzapean, «Oroith Abesbatzak Ordiziaren izena nazioarteko agertokietara eraman du, formakuntzari ospea eman dioten sariak eta errekonozimendua lortuz. Bere zuzendaritzak koruaren tradizioa eta berrikuntza musikala uztartzea lortu du, koruari nortasun propioa eta musika klasikotik hasi eta gaur egunera arteko errepertorio anitza emanez».