Onddoen garaia hasi da gaur
Zizak ugaritzen eta merkatzen hasi dira, eta udako lore berri gehiago iritsi dira.

Eguraldi epela eta eguzkitsua, Artzain Egunaren aurkezpena, Itzuliko etapa amaieraren aurrekoak eta Beasaingo Loinazpe institutuko ikasle gazteen bisita izan dira gaurko feriaren osagai nagusiak, berritasun gutxi batzuekin batera. Onddoa izan da izarra.
Garai honi dagokion bezala, urteko lehen perretxikoak iritsi eta hasi dira ugaritzen. Zizak izan ziren lehenak, eta orain onddoak ere erosi daitezke Ordiziako azokan. Gaur, Mikel Lasaren postuaren inguruan mugimendu berezia sumatu da goiz osoan zehar, eskaintza horri esker.
Postu horretan bietatik eskaini ditu Miren Pagolak. Zizak, ugaritzen hasi direnak, baita merkatzen ere, kiloa 70 eurotik 120 eurora artean izan ditu salgai, guztira 20 kilo. Onddo kiloa, berriz, 22 eta 40 euro artean izan du, eta 16 kilo eskaini ditu.
Lore berri gehiago
Loreek ere badute estimazioa garai honetan, negukoak jaso eta udakoekin hasteko unea delako. Iñaki Azanza aspaldi hasi zen denboraldi horri begira loreak ekartzen, eta postua bete-beterik du,eta kolorez gainezka.
Gaur ere, lore berriak aurkeztu ditu, eta aurretik zuen eskaintza zabala osatzeko, bidensa (4,5 euro), krabelintxoa eta krabelina (5,5 euro), tajetea (1,5 euro) eta Gineako alegria (4,8 euro) aurkeztu ditu.
Lore moztuetan, berriz, kala da feriako erregina, Aramakoa. Zurutuza ahizpek eta Miren Jauregik dituzte salgai, sorta 5 euroan.
Babak, ilarrak eta landareak
Ikusten denez, berritasun askorik ez da aurkeztu gaur ferian, baratzetik produktu berriak iristeko oraindik apur bat falta delako. Bitartean, garaian garaikoak diren ilarrekin (kiloa 12 eta 16 euro artean) eta babekin (6-7 euro) konformatu beharko dira erosleak. Hala ere, negukoak eta urte osokoak ez dira falta, eta postuak barazkiz eta bestelako produktuz bete-beterik agertzen dira asteazkenero Plaza Nagusian.
Landareetan ere aukera zabala dute erosleek, eta gaur, hiru postuetan nahiko lan izan dute, azken egunetako eguraldi epelak bultzatuta, baratzean lanean hasteko gogoz daudelako nonbait.
Kanpoan, patata berria
Kanpoko produktuetan ere ez da berritasunik izan, Nafarroako zainzuriaren ondoren (kiloa 8 eta 12,90 euro artean). Patata berria duela gutxi iritsi da Andaluziatik (1,95-2,25 euroan kiloa), eta Zuhaiztiko saltzaileek esaten dutenez, laster hasiko dira hezurdun frutak ere.
Goierriko patata berria ere iristear dago Plaza Nagusira.