Ordiziako pilotariak, eskolarteko finalean
Txapagaineko Telmo Alberdi Albisu-Unax Irazu Goikoetxea bikoteak eskola kiroleko Gipuzkoako Txapelketako alebin mailako finala jokatuko dute ostiralean Ordiziako Beti Alai pilotalekuan.

Eskola Kiroleko Gipuzkoako Txapelketako alebin mailako eskuz binakako finala jokatuko da, ostiralean, 19:30ean, Ordiziako Beti Alai pilotalekuan. Ordiziako Txapagain A (Telmo Alberdi Albisu-Unax Irazu Goikoetxea) eta Villabonako Behar Zana 1 (Luar Alejo Arruti-Odei Alass Traore Eizmendi) taldeak ariko dira nor baino nor.
Txapelketa honetan Gipuzkoako 70 bikotek jokatu zuten eskualdeka banatuta bi fasetan, finalerdietarako sailkatuak Abantzu 1, Alde Zaharra 4, Aretxabaleta 1, Behar Zana 1, Hondarribia 2 eta Txapagain A izan zirelarik. Finalerdia apirilaren 5ean jokatu zen Ordiziako Beti Alai pilotalekuan bi multzotan banatuta. A multzoan Behar Zanak, Hondarribiak eta Abantzuk jokatu zuten eta B multzoan, berriz, Alde Zaharrak, Aretxabaletak eta Txapagainek.
A multzoko irabazlea Behar Zana izan zen Hondarribiari 2-1 (7-8, 8-3, 8-5) eta Abantzuri 0-3 (4-8, 1-8, 3-8) irabazi ondoren.
B multzoko irabazlea Txapagaineko Unax Irazuk eta Telmo Alberdik osatutako bikotea izan zen Alde Zaharrari 3-0 (8-5,8-6, 8-4) eta Aretxabaletari 2-1 (8-3, 4-8,8-4) irabazi ondoren.