Alex Aranburuk jaso du merezitako saria
Euskal Herriko Itzuliaren 4. etapa abiatu aurretik eman diote Alex Aranburu txirrindulari ezkiotarrari atzoko garaipenaren saria. Ikusi bideoa eta argazkiak albistean.

Alex Aranbururen zain zegoen gaur Beasaingo Gernika pasealekuan elkartu den jende guztia. Bertan izan da Euskal Herriko Itzuliaren 4. etapako -Beasain eta Markina Xemeinen artekoa- partaideen aurkezpena. Cofidis taldeko taldekideak iritsi dira halako batean. Alex Aranburu, berriz, ez zen inondik inora agertzen. Halako batean agertu da ezkiotarra ere. Zapore gazi-gozoarekin iritsi da. Atzo zuen podiumera igotzeko eta momentuaz gozatzeko unea, 3.etapa irabazi ostean, behar duen bezala. Atzoko gora-beheren ondoan, gaur goizean eman diote merezi zuen saria. Leire Artola Beasaingo alkatearen eskutik jaso du, bertan bildu diren zaleen, lagunen eta senitartekoen txalo artean.
Eskenatokitik jaitsi eta segituan komunikabideen aurrean adierazpenak egin ditu Aranburuk: “Atzo arratsalde oso txarra pasatu nuen, gure ustetan, gurea zen garaipena”, hasi da esaten. Itzuliko antolakuntzak azkenean garaipena eman ziola jakin zuenean “poza bai eta ez” izan zituela azaldu du. Atzokoa atzean utzi nahian, gaurko 4.etapari heltzeko nola dagoen galdetu diote kazetariek. Aranbururen erantzuna izan da “ez dut asko deskantsatu, baina bueno, etapa polita da eta ea atzoko surik ez den”.
Eskuetan zeukan saria publikoan zeuden senitartekoei entregatu ondoren, irteera puntura abiatu da gainontzeko txirrindulariekin batera. Bertan zinta mozte ofiziala egin dute, ohorezko aurreskua dantzatu dute dantzariek jarraian, eta Itzuliko ordezkariak bandera gorria jaistean abiatu da tropela.
Jarraian goizak emandakoaren bideoa eta argazkiak:
































































































