Bederatzi txabola geratu dira libre 2025eko larrealdirako
Astelehenean Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zuten oharra. Ordutik hasita, hamar eguneko epea dute interesa dutenek proposamenak aurkezteko.

2025eko larrealdirako libre geratu diren txabolen emakida argitaratu du Enirio Aralarko Mankomunitateak. Bederatzi txabola geratu dira libre datorren larrealdiari begira. Iazko otsailaren 14an Mankomunitateko Zuzendaritza Batzordeak onartu zuen txabolen erabilpen pribatiboaren kontzesiorako klausula administratiboa partikularren pleguaren arabera emango direla lehiaketa irekian. Pleguak eskuragarri daude Ordiziako Udaleko Idazkaritzan, 09:00etatik 13:00etara.
Hauek dira libre dauden txabolak: Ariñate 1, Arritzaga, Doniturrieta Azpikoa 1, Doniturrieta Garakoa 2, Kutixao-Pagabe, Pardeluts, Zotaleta 2, Elutxeta Goikoa eta Intzentsao 1. Kontsezioaren epea 10 urtekoa da.
Lehiaketan parte hartu ahal izateko proposamenak Ordiziako udaletxeko idazkaritzan edo Mankomunitateko kide diren udaletxeetan aurkeztu behar dira. Astelehenean argitaratu zuten oharra Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean; ordutik hasita, hamar eguneko epea dute interesa dutenek proposamenak aurkezteko.