Gazteak eta kintoak elkartuta
Gazte Herexak 15. Gazte Eune antolatu du larunbaterako Zegaman. Dagoeneko, 120 gaztek eman dute bazkarirako izena. 4. Kinto Eune ere bai, larunbatean Seguran.

Hamabosgarren urtez Gazte Eguna antolatu du Gazte Herexak Zegaman. Larunbatean izango da gazte taldearen ikur den jaia eta 120 bat gaztek emana dute izena jada, bazkarirako. Eguerdian hasita gaueraino luzatuko den egitaraua prest dute dagoeneko, «musika, bazkaria, afaria, jokoak… izango dira aukeran» zerrendatu du Alain Lukas, Gazte Herexako presidenteak.
Ez da denbora asko Lukasek Gazte Herexaren presidentetza hartu zuela, baina gauzak aldatzen ari dira. «Gauza berriak egiteko gogoz hasi gara; gazteek parte hartzeko gogoa erakutsi dute. Zegama bezalako herri batean garrantzitsua da herri mailako ekintzetan gazteek ere parte hartzea», azaldu du. Baina ez da beti erraza gazteak erakartzea, «Zegaman gazteen parte hartzea ez da handia izaten orokorrean», dio. Eta hori dute erronka nagusietako bat, baina ez bakarra. Izan ere, gazteei zuzendutako ekintza ezberdinak antolatzea da beste helburuetako bat, «zaila da festatik eta alkoholetik haratago dauden ekintzak antolatzea, baina horretan ahaleginduko gara»; aisialdia antolatzeaz gainera, «herriko gazteen arteko kohesioa» ere bultzatzeko asmoz.
Parte hartzea goraka
Jendetsuak izaten ari dira, hala ere, antolatu dituzten azken ekintzak: Gabon eskea, inauteriak, sagardotegira irteera… «guztietan 100dik gora gazte elkartu gara, oso kopuru handia orain artekoarekin alderatuta», dio Lukasek. Gazte Festan parte hartzeak ere gora egin du azken urteetan, nabarmen gainera. Gazte Herexako aurreko zuzendaritzako lanari ere eman diote arrakastaren zati bat, «azken urteetan egin izan duten lanarengatik izan balitz, ez genuke elkartea horren egoera onean hartuko», azpimarratu du Lukasek.
Poteoarekin (12:30) hasiko dute eguna larunbatean eta bazkaria eta jolasak izango dituzte gero, eguerdian (14:00). Arratsaldean Kita del pare txarangarekin poteo girotua (19:00) dago antolatuta eta ogitartekoak afaldu ostean, (21:00) Dj ibiltaria eta Dj Track-a gauean (22:00).
Seguran laugarren urtez egingo dute Kinto Eune larunbatean. Azken urteetan bezala, 40 kintada ezberdinetako segurarrak bilduko ditu Kinto Eunek; ohi bezala Errebote plazan eguerdian arerako duten argazkia izango da topaketa jendetsuaren irudia.
Aurretik hasiko dira kintoak, ordea, giroa berotzen. 11:30ean egin diete kintoei kalera ateratzeko deialdia antolatzaileek. 11:45ean irekiko dute kintoen toka txapelketarako izen ematea eta 12:00etan ekingo diote lehiari, lagun arteko giroan. Eguerdi partea —13:00etatik 15:00etara— Kittu Street folk taldearen musikak girotuko du eta 14:00etan izango da kintoen taldeko argazkia ateratzeko unea. Bazkaria kintadaka egingo dute eta arratsalde gau partean Segurako kaleek hartu dute berriro ere festa, 19:00etatik 22:00etara Xaukena elektrotxaranga izango da kaleetan zehar.