Genero biolentziari buruzko sormen lantegia gaur, Biziolan
Collage lantegi eta solasaldia gidatuko du Maider Agirre artistak ordiziarrak.

Emakumeak saretu eta genero biolentziaren inguruko hausnarketak partekatzeko collage lantegi eta solasaldia eskainiko du Maider Agirre (mayer.mayer.art) artista ordiziarrak. Gaur, arratsaldeko 17:00etan elkartuko dira Biziolako eraikinean, eta oro har, komunitatearen sentimendua indartu, sormena sustatu eta emakumeen bizipenak ikusgarri egiteko aukera izango du bertaratu nahi duen orok; hausnarketa pertsonaletik sormen kolektiborako bidea egingo dute.
Hiru orduko lantegi bat eskainiko du eta genero biolentziaren inguruko hausnarketaren bitartez, emakumez osatutako «espazio parte-hartzaile» bat sortzea da helburua, baita gai konkretu honen inguruko «kontzientzia piztea» eta indarkeriari aurre egiteko «espazio kolektibo bat sortzea».
Bukaeran, sortutako lanen hautaketa egingo dute.
Beharrezko materiala
Oinarrizko materiala bertan egongo da eskuragai, baina norberak aldizkariak, egunkariak eta bestelako material birziklatua ekartzea gomendatu dute. Horrez gain, parte hartzaileek itsasgarriak, guraizeak, markadoreak, boligrafoak eta bestelakoak ere eraman ditzakete.