Ikastaro berritzaileak Zaldibian eta Zumarragan
Cebank-ek eta Zaldibiako zein Zumarragako Udalek elkarlanean abiarazitako proiektua da. Apirilean, maiatzean eta ekainean izango dira ikastaroak.

Cebanc-ek eta Zaldibiako zein Zumarragako udalek bat egin dute iraunkortasuna bultzatzeko zein gizarte-ongizatea hobetzeko ikastaro berritzaileekin. Etengabeko Ikaskuntza programaren parte dira bi ikastaroak, baina Zaldibiakoak herritar ororentzat dira, eta Zumarragakoak, berriz, 55 urtetik gorakoentzat.
Zaldibiako Ekonomia zirkularra, sukaldaritza eta bertako produktuak ikastaroa maiatzaren 6tik ekainaren 12ra bitartean gauzatuko da, herriko elkartean. Helburua «gaitasun iraunkorrak» eskuratzea eta garatzea da, «ingurumenarekiko errespetuzko bizimodua sustatuta».
Astearte eta ostegunetan elkartuko dira arratsaldeko 17:00etatik 19:30era; zehatzago esanda, saioak maiatzaren 6, 8, 13, 15, 20, 22, 27 eta 29an eta ekainaren 3, 5, 10 eta 12an izango dira. Interesa duen orok izena eman dezake udalaren webgunean edo Zaldibiako udaletxera edo kultur etxera joanda.
Zumarragan, berriz, Birziklatze sortzaileen tailerra, Mindfulness ikastaroa eta Counselling ikastaroa antolatu dituzte 55 urtetik gorako herritarrentzat, «zahartze aktiboa eta osasungarria sustatzeko» helburuarekin. Aurrenekoa, apirilaren 11n hasiko da eta maiatzaren 23an amaituko da (saioak apirilak 11, 25 eta maiatzak 2, 9, 16 eta 23). El Salvador gizarte etxean egingo dute ostiraletan 16:00etatik 21:00etara; bigarrena, Zelai Arizti kultur etxean izango da, maiatzaren 6an hasi eta 27an bukatuta (saioak maiatzak 6, 8, 13, 15, 20, 22 eta 27). 17:00etatik 19:30era izango dira. Azkenik, counselling ikastaroa maiatzaren 12an hasi eta ekainaren 4era arte luzatuko da, Gure Txokon jubilatuen etxean (saioak maiatzak 12, 14, 19, 21, 26 eta 28 eta ekainak 2 eta 4).