Urretxuko Smarlog-ek afizionatu mailako txirrindulari taldea eta errendimendu zentro aitzindaria jarriko ditu martxan
Egitasmoaren sustatzailea Jon Odriozola txirrindulari ohi eta kirol zuzendari oñatiarra da.

Urretxuko Smartlog enpresak afizionatu mailako txirrindulari taldea eta txirrindulari gazteen talentuaren garapen integralerako proiektu aitzindaria martxan jarriko ditu, Urretxun bertan eraiki behar duen egoitza berrian.
Egitasmoaren sustatzailea Jon Odriozola txirrindulari ohi eta kirol zuzendari oñatiarra da. Smartlogi bere egitasmoaren berri eman zion eta enpresak bere babesa ematea erabaki zuen. Proiektua gaur aurkeztu dute, enpresaren egoitzan. Ekitaldian Xabier Zubizarreta Smartlogeko CEOak, Odriozola manager orokorrak eta Aitor Elortza formakuntza eta kirol arduradunak aurkeztu dute.
Afizionatu mailako taldea datorren denboraldian jarriko dute martxan. 15-20 mutil izango dira. Arregi Motors Volvo markaren banatzaileak egitasmoarekin bat egin du. Urretxun dagoeneko afizionatu mailako neska taldea dago eta Smartlog-ek arduradunekin hitz egin behar du elkarlana sustatzeko.
Txirrindulariek garapen zentro integrala izango dute Smartlog-ek eraiki behar duen egoitza berriko hirugarren solairuan. Eraikuntza obra aurten hasiko da eta datorren urtean amaitzea espero dute.