Urte guztirako turismoko promozio kanpainaren berri eman du Goiturrek
103.000 euroko aurrekontua du kanpainak. Aurten ere Euskal Herrian, Espainiako estatuan zein Europan presente egoteko ekintzak zehaztu dituzte.

Aste Santuak baino lehen egin ohi duen bezala, urte guztirako turismoko promozio kanpainaren berri eman du Goitur Goierriko turismo agentziak. Maiatzeko zubia bakarrik dagoenez, eta Aste Santuko oporraldiaren ondoren denez, udaberria eta udazkena hartuko ditu helburutzat agentziak: “Udako oporrak kenduta bisitariak aste bukaerak aprobetxatu beharko ditu aurten etxetik mugitzeko, beraz, udaberria eta udazkeneko aste bukaerak hartu ditugu jomuga bezela”.
Turismo azokak, mapa eta gida turistikoak webgune berriarekin batera, online eta offline promozioa eta komertzializazioa izango dira Goiturrek erabiliko dituen tresnak eskualdearen promozioa egiteko, Euskal Herrian, Espainiako estatuan eta Europan. Aurtengo kanpainak 103.000 euroko aurrekontua du.
Hauek dira ekintzak:
- Azoka turistikoetan Goitur-eko lantaldearen presentzia zuzena: FITUR (Madril), Basquefest (Bilbo), Expovacaciones (BEC), Seu d’Urgell (Lleida), Vic (Bartzelona) eta INTUR (Valladolid). Estatuko eta nazioarteko gainontzeko azoketara eta aurkezpenetara Eusko Jaurlaritza eta errezeptibo desberdinen bidez (Frantzia, Alemania, Italia, Benelux, Polonia, Estatu Batuak, Kanada, Mexiko, Argentina, Kolonbia, Brasil, Japonia, Australia,…).
- Material promozionala: Goierriko gida turistikoa, Goierriko mapa turistikoa, Basque Highlands mapa, Gr 283 Idiazabal Gaztaren mapa eta lehen sektoreko ekoizleen mapa argitaratuko dira. Gida digital berri bat argitaratuko dute, bi Parke Naturaletako bideoak grabatu eta guztiz irisgarria den webgune berri bat aurkeztuko dute.
- Kirol ekitaldiei laguntza eta babeslegoa: gaualdiak ugaltzen dituzten ekitaldiak babestuko dituzte (Zegama-Aizkorri maratoia, Ehunmilak, Goierriko martxa zikloturista, Ordizia Meeting nazioarteko atletismoko proba eta Ordiziako nazioarteko igeriketa torneoa). Aurten gainera, Euskal Herriko Itzuliari ere laguntza eman diote.
- Donostia Turismo Erakundea: Donostiako gida berrian Goierriko publizitatea sartu dute kontrazalean eta gida barruko edukietan.
- Donostiako turismo bulegoa: Donostiako turismo bulegoetan dauden informatzaile guztiekin bilerak.
- ZUM gidak (Goierriko gida eta Ondojan gida): hilabete guztietako zenbakietan Goierriko produktu turistiko eta zerbitzu turistikoen zerrendak azalduko dira, eta Ondojan gidan, eskualdeko erreportaje zabal bat argitaratuko da martxoko alean gipuzkoarrak Goierrira erakartzeko helburuarekin.
- Zegama-Aizkorri maratoia: Goierriko erreportajea aterako da maratoiko enkartean, eta eskualdeko spot-a eta Goierriko turismoari buruzko elkarrizketak emitituko dira zuzeneko emanaldi guztietan, hau da ETB1, TVEko Teledeporte eta Kataluniako TV3 telebistetan, Golden Trail World Series- eko Youtube kanalean, Salomon-eko telebistan eta sare sozialen bidez.
- Ehunmilak: eskualdeko spot-a emitituko da streaming-eko emanaldi guztietan.
- ETB-ko sare sozialen bidezko promozio digitala egingo da 3 hilabetetan zehar udaberrian eta udazkenean; Euskal Herriko eta inguruetako merkatu nitxora joko dute (Errioxa, Kantabria eta Burgos), Goierri, azokak eta ekitaldi desberdinak promozionatzeko helburuarekin.
- Basque Destination errezeptiboaren bidez Goierriko pakete turistikoak komertzializatzen ari dira, eta Europa, Asia eta Ameriketako azoka nagusienetara joango dira beraien bitartez eta Eusko Jaurlaritzaren eskutik.
- Nekatur, Euskadiko nekazalturismo eta landetxeen webgunean, Goierriko banner bat txertatu dute urte guztirako.
- Gasteiz Hoy aldizkari digitala: apirila erdialdean (Ordiziako Artzai Eguna, Arabako San Prudentzio Jaia, maiatzeko lehena eta Idiazabalgo Gaztaren Azoka baino lehen), eta udazkenean, kanpaina promozional bereziak luzatuko dira.
- Bizkaian kanpaina promozionala: Bizkaiko hainbat kazetari eta komunikabide desberdinekin bi eguneko press-trip bat antolatuko da ekainean, ondoren beraien medioetan Goierri promoziona dezaten.
- La Ruta Slow: Euskadi Irratia eta Radio Vitoria-ko programa bat grabatuko da Goierrin, eta iganderoko programan, Goierriko azoka gastronomikoen berri emango da.
- Donosti City: Carlos Bengoa kazetariaren eskutik, urte guztian zehar Goierriko produktu turistiko eta ekitaldi desberdinak promozionatuko dira sare sozialen bidez.
- Tour Magazine aldizkaria: Tour Magazine taldeak argitaratzen dituen Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Nafarroa eta Errioxako aldizkarietan Goierriko erreportaje bat txertatuko dute udako zenbakian.
- Descobrir Catalunya aldizkaria: lehen aldiz Goierriko erreportaje bat argitaratuko da Katalunia guztian banatzen den aldizkari honetan martxoko alean.
- Basque Luxury aldizkarian eskualdeari buruzko erreportajea argitaratu dute urte guztirako.
- EDEN Network: Europako Destino Jasangarriaren zigilua dutenez, Europear Komisioko European Best Destinations webgunean, Goierriko informazioa azaltzen da urte guztian zehar webguneko atal desberdinetan. Bereziki Goierri promozionatzen du aurten ere Europako lehen 10 destino turistikoenen artean senderismoko atalean: Goierrirekin batera Finlandia, Kroazia, Belgika, Eslobenia, Errumania, Portugal eta Italiako beste destino batzuk daude.
- Kazetari adituen bidez, Europako herrialde desberdinetan eta hizkuntza desberdinetan, liburu eta gida turistikoetan azaltzen den Goierriri buruzko informazioaren zaintza eta jarraipena egiten ari dira behar den informazioa helarazteko, dagoena osatu eta oker dagoena zuzentzeko helburuarekin (Michelin, Morellini, Bradt Guide, Guide du Routard, Conde Nast Traveler, Lonely Planet, National Geographic, Petit Futé,…)
- Urtean zehar, Donostia Turismoak, Foru Aldundiak, Basquetour-ek eta Goitur- ek antolatzen dituzten press-trip, fam-trip, blog-trip eta info-trip desberdinak kudeatzen dituzte: bidai hauetara datozen kazetari, touroperatzaile, blogari eta turismo informatzaileei, eskualdeko produktu turistikoak erakusten zaizkie.
- Sare sozialak: Irukom enpresa kontratatu da Goitur-eko sare sozialak dinamizatzeko, urte guztian zehar egutegi bat zehaztu ondoren.
- Goierriko enpresa handienak batzen dituen Goierri Valley Elkarteko kide direnez, elkarte horretako tresna desberdinak erabiliko dituzte urtean zehar, eskualdeko enpresek Goierriko alojamendu eta zerbitzu desberdinak erabiltzeko deiak eta promozioak garatuz.
- Azaroan ospatuko den Meet Basque Country ekimenean parte hartuko dute: Estatu Batueko, Kanadako eta Latinoamerikako touroperatzaile nagusienak biltzen dituen ekimena antolatu du Basquetour-ek, eta hauetako batzuen bisita jasoko dute Goierrin.
- Azken urteetan bezala, udaran eta formatu desberdinetan aterako diren bertako medioetako promozio turistikorako kanpaina bereziak egingo dituzte: Berria, Diario Vasco, Gara, Hitza, Noticias de Gipuzkoa, Segura Irratia…