Igandean egingo dute Legazpin Aste Santuko prozesioa
Eguraldi ona egiten badu, erdiguneko kaleetan zehar egingo dute, 19:00etan parrokiatik aterata. Eguraldi txarrarekin, elizako arkupeetan ibiliko dira.

Igandean aterako da kalera Legazpin Aste Santuko prozesioa, 19:00etan parrokiatik abiatuta. Prozesioa erdiguneko kaleetan zehar egingo dute, eta eguraldi txarra egiten badu, parrokiko arkupeetan bakarrik.
Egiazko Gurutzearen Kofradiak antolatu du, eta ohitura hori berreskuratu zenetik, seigarren edizioa izango da aurtengoa.
Prozesiorako, parrokian gordeta zeuden pasoak berreskuratzen joan da kofradia. Aro berri honetako lehenengo aldian, San Migelgo Kristo Gurutziltzatua, Doloretako Amabirjina, Hilobi Santua, Magdalena Andre Maria, Pietatea, Jesusen Zigorraldia eta Nazareteko Jesus atera zituzten, eta hurrengo edizioetan Veronika eta Ortuko otoitza gehitu zituzten. Aurten lehen aldiz aterako dute Jesusek bere Amarekin egin du topo, prozesio osoko pasorik handiena; lehen, hamabi gizonezkok eramaten zuten gainean, baina aurten karroan eramango dute.