Patrizio Etxeberriaren lantegiko argazki zaharrei buruzko hitzaldia
Gorka Salmeron argazkilariak egingo du, datorren asteartean, Kultur Etxean, 'Patricio Echeverria SA-ko argazkiak. Altxor berreskuratua' izenburupean. Burdinola elkarteak antolatu du.

Patricio Echeverria SA-ko argazkiak. Altxor berreskuratua izenburupean, Gorka Salmeron argazkilariak eta Burdinola elkarteko lehendakariak hitzaldia egingo du Kultur Etxean, datorren asteartean, hilak 15, 19:00etan. Aste honetan, astelehenean, izen bereko hitzaldia egin du legazpiarrak Bilboko Arte Ederren museoan, Funts berriak erakusketaren barruan jasota dauden Legazpiko lantegiko argazkien inguruan.
Funts berriak erakusketan, argazkilari legazpiarrak museoari saldutako eta emandako hainbat argazki daude ikusgai. Argazki horietako batzuk berak egindakoak dira, Leaxpi Industri paisaiak bildumakoak, eta museoak iaz erosi zizkion. Beste batzuk, Patrizio Etxeberriaren lantegian XX. mendean zehar beste argazkilari batzuk egindako irudiak dira, Salmeronek berreskuratutakoak, eta horiek dohaintzan eman zizkion museoari.
Iaz erosi zion museoak Patrizio Etxeberriaren lantegi barruan 1991 eta 1992 artean egindako argazkiez eta 2000. urtean lantegiaren inguruan eta Legazpin ateratako irudiez osatutako lan sorta bat. Leaxpi Industri Paisaiak bildumakoak dira argazki guztiak, 70 inguru, eta horietako hiru daude ikusgai Funts berriak erakusketan.
Lantegian Patrizio Etxeberria jabearen enkarguz goi mailako argazkilariek egindako beste 209 argazki zahar, bestalde, dohaintzan eman zizkion legazpiarrak museoari, eta horietatik 16 ikusi daitezke erakusketan. Dohaintzan emandako argazkiak 1918 eta 1970 artekoak dira, besteak beste Santi Gabiria eta Lucio Vergara legazpiarrek egindakoak. Willy Koch, Pando edo TAF dira argazkien beste egileetako batzuk. Salmeronek berreskuratutako argazkiak dira guztiak.