Errugbi kanpusa egin dute Ordiziako Altamira zelaian. Helburu nagusiak kulturarteko "adiskidetasuna eta errespetua sustatzea" eta "trebetasuna garatzea" izan dira.
Ostiraletik gaurdaino ‘Haka Rugby Global Camp’ kanpusa egin dute Ordiziako Altamira zelaian. 8 eta 16 urte bitarteko 63 neska-mutikok parte hartu dute bertan, bai euskaldunak eta baita kanpokoak ere. 9:00etan hasi eta 14:30etan amaitu dute gaurko entrenamendu saioa.
Troy Nathan eta Reagan Sue errugbi jokalari ohiek 2016an sortu zuten ‘Haka Rugby Camp’ kanpusa, errugbi jokalari gazteei Zelanda Berriko kultura eta, zehazki, Māori kultura ezagutarazteko asmoarekin. Munduko herrialde desberdinetan antolatzen dituzte kanpusak: Europa, Asia, Ipar eta Hego Amerika, eta Arabiar Eminerri Batuetan, besteak beste, eta joan diren leku bakoitzean arrakasta izan dute. Parte hartzaileek nazioartean aitortutako errugbi entrenatzaileekin eta goi mailako txapelketetan eta nazioarteko taldeetan aritutako jokalari profesional ohiekin aritzeko aukera dute.
Antolatzaileen esanetan, horrelako kanpamendu bat antolatzeak “jatorri askotako jendea elkartzen” du, kulturarteko “adiskidetasuna eta errespetua” sustatuz. Gaineratu dute, mundu mailako jarduera honetan parte hartzen dutenek “bizitza osorako lagunak” eta errugbiaren “aberastasun kulturala ulertzen” ikasten dutela. Gainera, HAKA interpretatzen eta bere historia eta esanahia ulertzen ere irakasten diete adituek haur eta gazteei, partidu aurreko erritual hutsa baino, “adierazpen kultural sakon” bat dela irakatsiz.
Kultura eta baloreen transmisioaz gain, “trebetasuna garatzea” ere bada kanpusaren helburu nagusienetako bat: “Ariketa espezializatuen eta talde-dinamikaren bidez, jokalariek konfiantza, erresilientzia eta jokoaren ulermen handiagoa lortzen dute”.