Aste Santua iritsi da Legazpira
Prozesioa kaleratu du aurten ere Egiazko Gurutzearen Kofradiak, eta erdiguneko kaleetan zehar ibili da.

Euri mehatxuari aurre eginez, Aste Santuko prozesioak Legazpiko erdiguneko kaleak hartu zituen atzo, Erramu igandeko arratsaldean, 2018an berreskuratutako ohitura berretsiz. Egiazko Gurutzearen Kofradiak antolatu du aurten ere, eta prozesioaren aro berriko seigarren edizioa izan da.
Prozesioan tronu edo figura berri bat kaleratu dute aurten, Jesusek bere Amarekin egin du topo izenekoa. Prozesio osoko pasorik handiena da. Lehen hamabi gizonezkok eramaten zuten gainean, baina aurten karroan eramango dute..
Aro berri honetarako, parrokian gordeta zeuden pasoak berreskuratzen joan da kofradia antolatzailea. Lehen urtean, 2018an, San Migelgo Kristo Gurutziltzatua, Doloretako Amabirjina, Hilobi Santua, Magdalena Andre Maria, Pietatea, Jesusen Zigorraldia eta Nazareteko Jesus atera zituzten, eta hurrengo edizioetan Veronika eta Ortuko otoitza gehitu zituzten.
Tronu horiek guztiek osatu dute aurtengo segizioa, aurretik zihoazen zaldunekin, nazarenoz jantzitako herritarrekin eta kaleko jantziekin kandelak eramanez joan zirenekin.