Finalak jokatuta, amaitu da bost herrietako txapelketa
Zegamako, Segurako eta Idiazabalgo pilota eskolek eta horien baturatik sortu den Aizkorpe pilota klubak antolatu dute.

Amaitu da aurtengo bost herrien arteko pilota txapelketa. Martxoaren hasieran hasita, pasa den ostiralean jokatu zituzten finalak Idiazabalgo Igarondo pilotalekuan.
Aurre benjaminen mailan Idiazabalgo pilota eskolako Beñat Galarraga eta Eder Sanchez bikotearentzat izan zen garaipena. Benjaminen 1. urtean, Zegamako Yassin el Hamidi eta Enaitz Mujikak irabazi zuten eta benjaminen 2. urtean, berriz, Idiazabalgo Ibai Iparragirrek eta Irai Zianik. Helduenen mailetan, Euken Matias eta Hur Lasa izan ziren kimuen 1. urteko irabazleak eta George Orha eta Andoitz Zabaleta, aldiz, kimuen 2. urteko mailan.
Aizkorpe, pilotarien habia
Bost herrien arteko pilota txapelketa Aizkorpe bailarako —Zegama, Segura, Zerain, Mutiloa eta Segura— pilotari gazteen txapelketa da, Zegamako, Segurako eta Idiazabalgo pilota eskolek eta hauen baturatik sortu den Aizkorpe pilota klubak antolatuta. Aurtengo txapelketan 40 bikotek hartu dute parte.
Aizkorpen pilotarekiko zaletasunari bultzada berri bat emateko helburuarekin sortu dute. Haurren mailetan pilotari asko dagoen arren, helduagoetan hutsunea gero eta handiago dela nabarmendu dute.