Goierri garaia eta behea Donostiarekin autobusez lotzeko proposamena egin du EH Bilduk
Legazpin aurkeztu dute proposamena Oskar Bordes Gipuzkoako batzarkideak eta Edurne Gonzalez herriko zinegotziak, Goierriko beste herri batzuetako alkatek eta zinegotzik lagunduta. Autobusa Legazpiraino iristeko eskatu dute berriz ere.

Goierri garaia eta Goierri behea Donostiarekin lotzen dituen garraio publikoko zerbitzua gaur-gaurkoz “urria” dela adierazi du gaur goizean Legazpin EH Bilduk, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak jarriko duen autobus linearekin ere eskualdean “ez dela bermatuko kalitate nahikoa eskaintzea” salatu du. Hori dela eta, “eskualdeko herritarren bizimodua nabarmen hobetuko lukeen autobus zerbitzua” proposatu du.
Legazpin aurkeztu dute proposamena Oskar Bordes Gipuzkoako batzarkideak eta Edurne Gonzalez herriko zinegotziak, Goierriko beste herri batzuetako hainbat alkatek eta zinegotzik lagunduta. Bi linea jartzea proposatu du koalizio subiranistak, bata, unibertsitatetik igarota erdiguneraino joango litzatekeena, eta bestea, ospitaleetaraino iritsiko litzatekeena. Bi kasuetan, Legazpitik abiatuko lirateke autobusak. Bordesek adierazi duenez, Goierri garaiko zein beheko biztanleen bizimodua “nabarmen hobetu” dezake proposamenak, “Goierri eta Donostia lotzen dituzten garraio publikoko zerbitzu urriek ez diete zerbitzurik ematen proposatzen ditugun eremuei”.
Bi linea
EH Bilduk proposatutako lineetako bat unibertsitate gunetik igaro eta Donostiako zentroraino joango litzateke: “Hasiera Legazpitik, Zumarraga, Beasain, Ordizia eta Tolosa igaro, eta Donostian sartuta, Unibertsitateetan, eta Benta Berrin geratuta, Donostiako bus geralekuan izango luken amaiera”.
Bigarren lineak, berriz, Eskuzaitzeta poligono industrialarekin lotura izango luke, Eusko Treneko kostaldeko eta Topoko lineak lotzeko nodoarekin ere bai (Errekalde), eta Donostiako parke teknologikotik igarota, Donostiako ospitale gunean amaituko litzateke. Kasu honetan, “Legazpitik hasi, Zumarraga, Beasain eta Ordizia igaro, Bazkardotik Lasarte aldera jarraitu, Eskuzaitzeta parke teknologikoarekin lotura egiteko Bugatiko geltokian geratu, Donostiara sartu Errekalde auzotik eta Errekaldeko ETko geralekuan gelditu, eta Galarreta eta parke teknologikotik igarota, eta ospitaletan amaituko litzateke”.
Ordueroko maiztasuna
Bi lineak “iraunkorrak izan daitezen”, ordueroko maiztasuna izan beharko lukete Bordesek zehaztu duenez, eta horrela, “Goierri eta Donostialdera egunero egiten diren joan-etorriei erantzungo lieke zerbitzuak, batez ere lanarengatik edo ikasketengatik egiten direnei”. EuskoTren bezalako beste garraio zerbitzuen erabilera ere erraztuko luketela gehitu du, baita Donostiako ospitale gunerako sarbidea ere.
Goierri eta hiriburua lotzeko proposatutako lineak “alternatiba jasangarri, ekonomiko eta praktiko bat” dira, eta “mugikortasun modu jasangarriago eta bidezkoago baterako bidea”. Izan ere, proposamen honek “trafikoa eta horren ondorioak murriztea ere bilatzen du”.
Mugi garraio txartelari ere erreparatu dio Bordesek, eta esan du “erakundeek, tarifetan deskontuak eginez, garraio publikoaren erabilera bultzatzeaz gain, ezinbestean, Lurraldebuseko kalitatezko zerbitzu gehiago” eskaini behar dutela, eta “horrek pixkanaka auto pribatuaren erabilera murriztea” ahalbidetuko duela.
Autobusa, Legazpiraino
Edurne Gonzalez Legazpiko EH Bilduko zinegotziak bere aldetik, autobus zerbitzua Legazpiraino iristearen garrantziaz hitz egin du bereziki, “guk, legazpiarrok, eta EH Bilduko kideok ez dugu ulertzen Aldundiak iragarri duen linea zergatik ez den Legazpitik abiatzen”. Legazpitik Zumarragara zazpi minutuko ibilbidea dagoela azaldu du, eta “ez dakigu zein den arazo teknikoa hemendik ez abiatzeko, Legazpi izango litzatekeelako linearen hasiera eta bukaera, eta horrek ez kiokeelako denborarik gehituko bidaiari”.
Legazpiarrei begira Aldundiak Zumarragan autobus aldaketa egindako proposamenari dagokionez, “zigor bat” suposatuko duela erantsi du, “Mugi txartelarekin lehen aldaketa bakarrik delako dohainik, eta Zumarragan eginez gero, legazpiarrek Donostiara iristean DBusekin egindakoa ordaindu egin beharko lukete”. Gainera, autobus aldaketa horiek egin ahal izateko ordutegi aldaketak joaneko bidaiarako bakarrik moldatu direla salatu du, eta “itzulerakoekin nola izango den ez dakigu”.
Hori guztiaren aurrean, berriz ere eskatu dio Aldundiari linea berri hori Legazpitik abiatzeko.