Xabier Ortiz de Luzuriaga mendi bizikleta martxa, egun osoko festa aurten
BTT ibilaldia 20. ediziora iritsi da, eta antolatzaileek bazkariarekin, haurren jolasekin eta kontzertuekin osatu dute egitaraua. Internetez eman behar da izena, eta maiatzaren 10ean amaitu da epea.

Xabier Ortiz de Luzuriagaren omenezko mendi bizikleta ibilaldiak 20 urte betetzen ditu aurten, eta urteurren borobil hori ospatzeko, berritasunez eta ekitaldiz beterik dator. Maiatzaren 31n izango da, larunbatarekin bat eginez lehen aldiz, eta dagoeneko eman daiteke izena xabierortizbtt.eus webgunean.
Aurten internetez bakarrik egin daiteke izen-ematea, eta maiatzaren 10ean itxiko dute epea. Federatu txartela dutenek 12 euro ordaindu beharko dituzte, eta 15 euro txartela ez dutenek. Amaierako bazkarian geratu nahi dutenek beste 3 euro gehiago jarri beharko dituzte.
Ohi bezala, Hegialdeko jaien atarikoa izango da bizikleta martxa hau, eta aurten, inoiz baino festa giro handiagoa jarriko du auzoan, 20. urteurrena ospatzeko antolatu dituzten ekitaldiekin. Besteak beste, bazkaria, haurrentzako puzgarriak eta musika emanaldiak izango dira egun osoan zehar Laubideko kale nagusian.
Bizikleta, eta musika
Urteurrenaren ospakizuna borobilagoa izateko asmoz aurreratu dute bizikleta martxa larunbatera, egun osoko festa eguna izan dadin. 09:00etan irtengo dira txirrindulariak, eta aurreko urtekoaren antzeko ibilaldia izango dute Legazpiko mendietan zehar, zerbait motzagoa. Aztiria, harrobia, Larrosain, Ormakio, Brinkolazar, Aierdi, Beain, Barrendiola, Amutxanda, Udanako bidegurutzea, Saletxe, Gorostiaga magala izango dira mugarriak, eta helmuga, Laubiden egongo da.
Txirrindulariak mendian dabiltzan bitartean, haurrentzako puzgarriak izango dira Laubiden, eta Lekanazpi elkartekoek bazkarirako paella prestatzen jardungo dute, hori izango baita menua. 400 lagunentzako tokia izango da.
Arratsaldean musika izango da nagusi, eta ez edonolako musika, garai bateko Legazpiko bi talde elkartu direlako okasio honetarako. Batetik, Xabi Ortiz de Luzuriagaren kuadrillakoak ziren Mala Hierba taldeko kideak igoko dira oholtzara, urte askoren ondoren, eta laguna zuten hari eskainita sortu duten abestia estreinatuko dute 20:00etatik aurrera.
Bigarren emanaldi bat ere izango da, 22:30 inguruan hasita. Horretan, Expansion taldeak joko du, hori ere okasiorako elkartuta, 2011n desegin ondoren. Kalean taldearekin batera joko dute kontzertuan legazpiarrek.
Horiek guztiak maiatzaren 31ko festaren osagai nagusiak izango dira, baina ez guztiak, oraindik antolaketa lanak erabat itxi gabe daudelako