Goierriko Hedabideek eta Legazpiko Udalak hitzarmena sinatu dute euskara indarberritzeko Aroa programaren barruan
GOIERRIKO HITZA egunkaria eta 'Goiberri' aldizkaria argitaratzeko udalak urtero ematen duen diru laguntza handitu egingo da progresiboki.

Goierriko Hedabideek eta Legazpiko Udalak hitzarmena sinatu dute, euskara indarberritzeko Aroa programaren barruan. Hitzarmenaren ondorioz, eta euskarazko hedabideak bultzatzeko eta indartzeko helburuarekin, GOIERRIKO HITZA egunkaria eta Goiberri aldizkaria argitaratzeko udalak urtero ematen dion diru laguntza handitu egingo da progresiboki.
Dokumentua Jon Mujika Goierriko Hedabideen kudeatzaileak eta Eric Galvez Legazpiko alkateak sinatu dute. Sinadura ekitaldian Edurne Matias euskara arloko zinegotzia ere izan da.
Mujikak eskerrak eman dizkio Legazpiko Udalari Goierriko euskal komunikabidea hau babesteagatik, eta diru laguntza igotzeko konpromisoagatik. Aldi berean, GOIERRIKO HITZA egunkariak zein Goiberri aldizkariak eta bien bertsio digitalek Legazpiko berri ematen jarraituko dutela adierazi du, eta Legazpin,eta Goierri osoan, euskarazko informazioaren erreferente izaten jarraitzeko konpromisoari tinko eutsi dio.
Eric Galvez alkateak, bere aldetik, komunikabide hauei emandako babesa euskara bultzatzeko bideetako bat dela adierazi du, eta udalak euskararekiko duen sentsibilitate eta konpromisoan kokatu du.
Euskarazko edukiak sortzea
Euskara indarberritzeko eta euskaldunok ahalduntzeko Eusko Jaurlaritzak ezarri duen marko estrategikoa da Aroa, eta datozen hamar urteetarako balioa izango du. Marko estrategiko horren baitan, euskarazko edukiak sortu eta kontsumitzeko aukerak ugaritzea jasotzen da helburuen artean, eta hor kokatzen da Legazpiko Udalak Goierriko Hedabideekin sinatu duen hitzarmena.
Zehazki, ingurune digitalean euskarak leku gehiago izatea bultzatu nahi du, eta hizkuntza teknologien bidez euskaraz komunikatzeko aukera handiagoak lortzea, hau da, ingurune digitalean edukiak euskaraz sortu eta kontsumitzeko aukerak handitzea. Ingurune digitalean ez ezik, euskarazko edukiak beste edonolako testuinguruan sortzea eta zabaltzea era aintzat hartu ditu.