Legazpiko liburutegia liburuaren nazioarteko egunaren ospakizunean murgilduta dabil
Martxoan hasi eta maiatzaren amaierara arte, makina bat jarduera izango dira. Aste Santuaren ondoren, ikasleen bisita gidatuak, haurren literatura klubaren saioa eta Jon Bilbao idazlearen solasaldia izango dira.

Legazpiko Udal Liburutegiak aurten ere bat egin du apirilaren 2ko Haur eta Gazte Liburuaren Nazioarteko egunarekin eta apirilaren 23ko Liburuaren eta Jabego Intelektualaren Nazioarteko Egunarekin. Urtero bezala, egitarau zabala prestatu du helduak, gazteak eta haurrak liburutegira eta irakurketara erakartzeko helburuz, eta hainbat idazle eta ipuin kontalari gonbidatu ditu.
Mari Luz Esteban, Idoia Garces, Goiatz Labandibar eta Jon Bilbao dira gonbidatutako idazleak, eta Maider Galarza ipuin kontalariak osatu du gonbidatuen zerrenda.
Jarduerak martxoan hasi ziren, eta maiatzean amaituko dira, aurten, Aste Santua tartean dagoelako eta egitaraua apirilera mugatzea ezinezkoa gertatu zaielako
Orain arte, Mari Luz Esteban Haragizko erreformak liburuarekin, Idoia Garces Kukuaren kantua liburuarekin, eta Goiatz Labandibar Zoo liburuarekin izan dira liburutegian, euskarazko irakurketa klubean lehenengoa, eta herriko DBH eta Batxilergoko ikasleekin beste biak. Maider Galarza ere izan da, 5 urtetik aurrerako haurrei ipuina kontatzen.
Aste Santuaren ondoren
Aste Santuko etenaren ondoren, liburutegiak berriz ekingo dio egitarauari, eta hilaren 28ko goizean ikasleei bisita gidatuak eskainiko dizkie, eta arratsaldean, Mireia Delgadok haurren literatur klubaren saio berri bat egingo du.
Azken ekitaldia maiatzaren 28an izango da, Jon Bilbao idazlearekin solasaldia. Basilisco liburuaren inguruan jardungo du, Monica Leivak gidatzen duen gaztelerazko irakurketa klubean. 18:00etan izango da, liburutegian bertan. Saio irekia izango da, gaztelaniaz, eta nahi duenak, liburuaren ale bat eska dezake liburutegian, irakurtzeko.