Gastesiren legatua Harizti Handin
‘Zurekin Adrian’ omenaldia egingo dute apirilaren 24an, Gastesi lehendakaria zena omentzeko. Bi futbol partidaren artean ekitaldi txiki bat egingo zaie familiarteko eta lagunei.

Lazkaoko Kirol Elkarteak omenaldi berezi bat antolatu du apirilaren 24rako, urtarrilean zendu zen Adrian Gastesi klubeko lehendakaria izandakoari azken agurra eta esker ona emateko. Egun hunkigarri baten bidez, klubak eta herriak Gastesiren lana eta konpromisoa aitortu nahi dituzte, urte luzez erakutsi baitzuen «dedikazio eta maitasuna» elkartearekiko. Zuregatik Adrian omenaldia Lazkaoko Harizti Handi futbol zelaian egingo da eta hainbat ekitaldi izango dira bertan.
Eguneko egitarauan bi futbol partida jokatuko dira: aurreneko partida kadete mailan Lazkao eta Gipuzkoako Federazioak bidaliko duen talde baten artekoa izango da, arratsaldeko 16:15ean, eta bigarrena, berriz, 18:45ean Lazkaoko gorengo mailako taldearen eta Eibarko hirugarren federazioko taldearen artekoa. Bien tartean, 18:00etan, une berezi bat eskainiko zaie Gastesiren senide eta lagunei; omenaldi hunkigarri bat egingo zaio, eta sorpresa bat egongo dela ere iragarri dute antolatzaileek.
Futbolarekiko pasioa
Euren esanetan, klubaren historian «arrastoa» utzi duen figura izan da Gastesi: «Futbolarekiko grina handikoa, ilusioz betea eta helburu argiekin lan egiten zuena». Bere semeak taldeko jokalari izan zirenean hasi zen aktiboki klubean parte hartzen, eta gerora, entrenatzaile-laguntzaile gisa lagundu zuen; azken sei urteetan ere lehendakari lanetan aritu da. Klubaren gidaritza hartu zuenetik, klubaren hazkundeari bizitza eskaini ziola nabarmendu dute bertako kideek: «Konpromisoz, ikuspegiz eta gure koloreekiko eta gure herriarekiko baldintzarik gabeko maitasunez gidatu du taldea». Hortaz, modu batera edo bestera, beti Lazkaoko Kirol Elkartearekin «lotura estua» izan duela gehitu dute.
Lazkaoko Kirol Elkarteak garbi dauka omenaldi hau «ez dela soilik oroimenezko egun bat» izango. Epe luzera begira, Gastesiren izena eta ekarpena bizirik mantentzeko asmotan, egunean bertan, klubeko oraingo lehendakariak, Josetxok, hitza hartu eta aurrera begirako asmoak argituko ditu.