Kutixia mikologikoz beteriko feria
Felix Barcinak hasi du perretxikoen salmenta denboraldia ziza horiak aurkeztuta, eta barraskiloak ere izan ditu salgai.

Aste Santu bezperako azoka izan da gaurkoa, eta opor egunen gertatutasunak eman dio kutsu berezia, eguraldia ere lagun, jende dezente ibili delako Plaza Nagusian eta beste feria guneetan. Berritasunak ere izan dira.
Neguko etenaldiaren ondoren, Felix Barcina itzuli da Ordiziara Basoan enpresaren postuarekin, azokako perretxiko eskaintza handitzera. Ohiko lekuan kokatu da, Jakes etxearen pareko aldapatxoan, eta han egingo du denboraldi osoa. Gaur hurbildu zaizkio lehen bezeroak, mahaian eskaintzen duenak erakarrita. Izan ere, perretxikoez gain, beste kutixia mikologiko batzuk, pinaziak eta ahabi lehorrak bezalako produktuak, barraskiloak, eta Barcinak berak egindako egurrezko ontziak zituen salgai.
Ziza horiak eta barraskiloak
Baina Barcina eta bere postua ezagunagoak dira perretxikoengatik, eta lehen feria honetan alderdi horretatik ez du hutsik egin, berritasun eta guzti hasi delako aurten: ziza horiak. Zortzi kilo ziza hori jarri ditu salgai, kiloa 27 euroan. Udaberriko zizak eta onddoak ere bazituen. Mikel Lasaren postuan salgai zituztenak eta plaza barruko hainbat saltzaileenak batuta, 70 kilo ziza zuri izan dira salgai guztira ferian, kiloa 33 eta 80 euro artean. Onddoak, berriz, 60 kilo eskaini dituzte guztira, kiloa 22 eta 38 euro artean.
Barraskiloak ere aipatu behar dira. Apirilaren 28ko San Prudentzio da Araban jateko eguna, eta Barcinak Ordiziara ere ekarri izan ditu urtero. Gaur jarri ditu salgai, kiloa 12 euroan. Dirudienez, estimazio handia duen produktua da hori, goiz erdirako denak salduta zituelako.
Estimazioa dutenak kutixia mikologikoak ere badira. Bi eratako mousse poteak zituen Barcinak, 3 euroan bat, 5 euroan bi: ziza zuri eta boilurrena, eta onddo eta saltsa perretxiko beltzena.
Loreak eta landareak
Perretxikoez gain, loreak eta landareak asko saltzen dira udaberrian, eta horretarako eskaintza zabala dago ferian. Loreen artean, calibrachoea da iritsi berria Azazaren postura, 6,5 euroan, eta lore moztuetan irisa aipatu behar da, kalak laguntzeko iritsitakoa; Zurutuza ahizpek zituzten sortak eginda, 5 euroan bakoitza.
Landareei dagokienez, astetik astera iristen dira berriak, eta gaur urteko porruak edo porru horiak hasi dira Montesen postuan, ehun landare 4 euroan, baita errukula (euro bat) eta mendafina (2,5 euro) ere, landare bakoitza bere lore ontzian sartuta. Iguategikoek, berriz, albaka zuten, euro batean hori ere.
Zainzuri berdeak
Kanpoko produktuetan orain zainzurien garaia da. Badira asteak zuriak iritsi zirela, baita Nafarroakoak ere, eta gaur, berdeen txanda izan da. Sustrai fruta sailtzaileen postuan zeuden salgai kiloa 4 euroan. Zainzuri zuriak 6 eta 9,9 euro artean daude.