Treba Nerabeak eta Treba Gazteak programak lantzen ari dira Goierri garaiko herrietan
Hainbat ikastaro eskainiko ditu Foru Aldundiak apiriletik ekainera, nerabeen eta gazteen artean begirada kritikoa, ongizate emozionala eta bizitzarako trebetasunen gaiak lantzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak bultzatutako Treba programek geldialdia egin dute Goierri garaiko herrietan, eta apirila eta ekaina bitartean nerabeen eta gazteen artean begirada kritikoa, ongizate emozionala eta bizitzarako trebetasunen gaiak lantzeko ikastaroak eskainiko dituzte Zumarragan, Urretxun eta Legazpin.
Treba programek Gipuzkoako gazte eta nerabeen prestakuntza eta ahalduntzea dute helburu, eta aurten bosgarren edizioa betetzen dute. Treba Gazteak Gipuzkoako 17 eta 24 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, eta ikastaroen bidez, gazte izatetik abiatuta, emantzipazio, garapen eta hazkunde pertsonal eta kolektiboko prozesuak sortzea eta sendotzea dute helburutzat. Edizio honetan berritasun batekin datoz, programen esparrua handitu delako, eta Treba Nerabeak sortu dutelako, 12 eta 16 urte bitarteko nerabeentzako prestakuntza ildo berriarekin. Treba Nerabeak programak ongizate emozionala, begirada kritikoa, sexualitatea eta bizitzarako trebetasunak landu nahi ditu.
Gai horietako hiru, begirada kritikoa, ongizate emozionala eta bizitzarako trebetasunena, apirilean hasi eta ekainera bitarteko hainbat ikastarotan landuko dituzte Legazpin, Urretxun eta Zumarragan; ongizate emoziolanekoak egin dira dagoeneko. Uda ostean sexualitatearena ere landuko dute.
Aurtengo Treba programen aurkezpena Zumarragan egin zuen Goizane Alvarez Kultura eta Gazteria diputatuak, besteak beste Zumarragako alkate Mikel Serranok, Urretxuko zinegotzi Maialen Fidalgok eta Legazpiko zinegotzi Nerea Lopez de Herediak lagunduta.
Programei buruzko iritziak
Alvarezek programa nerabeei zabaldu izana azaldu zuen: “Programa honen hasieratik, 400 hitzaldi inguru egin ditugu hainbat herritan, eta Treba Nerabeak ekimenarekin irismena zabaltzea lortu dugu, prestakuntza gazteen garapenaren funtsezko etapa guztietara iritsiko dela ziurtatuz. Funtsezkotzat jotzen dugu horrelako edukiak gure lurraldeko gazteei modu erakargarri batean eskaintzea, inplikatuta sentitzeko eta aurre egin beharreko erronkei buruz modu aktiboan hausnartzeko aukera emanez, hala nola albiste faltsuei buruz. Horregatik, aurten adin-tartea zabaldu izanak eta gai horiek nerabeekin ere jorratzeak aurrerapen nabarmena ekarri du programan “.
Serranok, berriz, Treba Zumarragan sendotutako programa dela nabarmendu zuen: “Dagoeneko sendotuta dagoen prestakuntza aukera da nerabeentzat, gazteentzat eta baita Zumarragako gurasoentzat ere. Gure udalerria hasieratik inplikatu da Gipuzkoako Foru Aldundiaren programa honetan, eta esperientzia pilotu gisa parte hartu du. Etapa berri honetan, proiektuak Ongizate Emozionalean eta Osasun Mentalean jarriko du arreta. Bi alderdi horiek lehentasunezkotzat jo dira bai Gazteen Asanbladan, bai Haurren Hiri Lagunen estrategia osatzen duten eragileek. Beste behin ere, Zumarraga abangoardian kokatzen da, pertsonen ongizatea erdigunean jartzen duten politika publikoak bultzatuz, oraingo honetan oraina eta etorkizuna direnetan arreta berezia jarriz “.
Bestalde, Fidalgoren ustez, “ongizate emozionalaren zaintzaren beharrak gizartean indarra hartu duen honetan, Urretxuko Udalak gaiari heldu nahi izan dio. Izan ere, Gazteen ongizate emozionalaz hitz egitea, gazteen ongizateaz hitz egitea da. Horretarako tresnak eskaintzeko bidea abiatu du, era horretara, Urretxuko Udaleko Gazteria Sailak. Orokorretik abiatu badu ere, bigarren ikastaroan nola, zehaztasunerantz egin nahi du bidea, eta komunitateko gazteek ongizate emozionalari buruzko behar zehatzak landu, zabaltasunean baino. Lehen fase honetan, bi saio horiek eskainiko ditu, eta beharrak detektatu ahala, gehiago ere izango dira aurrerantzean.”
Amaitzeko, Legazpiko Lopez de Herediak adierazi zuen “oso pozik” dagoela programarekin, “bereziki oso lagungarria izango zaielako nerabeei”. Legazpin hiru saio izango direlako ere aurreratu zuen,”helduarora igarotzeko erabakiak hartzera bideratuak”. Adingabeentzat “oso interesgarriak izango direla badakigu. Eta zentzu horretan, oso eskertuta gaude Kultura eta Gazteria Foru Departamentuak horrelako ekimenak mantendu eta indartzeagatik, gazteak prestakuntzan eta hezkuntzan inplikatzeko “.
Izen-ematea eta informazio gehiago
Treba Nerabeak ikastaroetako izen-emateak udalen eta Gaztelekuen bidez kudeatzen dira. Treba Gazteak programakoak, berriz, Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren webgunearen bidez egiten dira, eta inskripzioak ikastaroak hasi baino hiru aste lehenago ireki ohi dira.
TREBA nerabeak ikastaroak 12-16 urtekoentzat
Bizitzarako trebetasunak Legazpin
Oinarrizko ikastaroa: Bizitzarako trebetasunak: oinarrizko ikastaroa,
Data: Maiatzak 28
Ordua: zehazteko
Lekua: Legazpi
Izen-ematea: zehazteko
Sakontze-ikastaroa: Bizitzarako trebetasunak: bokazioa eta etorkizunerako erabakiak-hartzea.
Data: maiatzak 29
Ordua: zehazteko
Lekua: Legazpi
Izen-ematea: zehazteko
TREBA gazteak: 17- 24 urte bitarkoentzako ikastaroakOngizate emozionala Urretxun
Oinarrizko ikastaroa: Autoezagutza eta ongizate emozionalaren oinarriak
Data: Apirilak 11
Ordua: 17:00
Lekua: Kultur Etxea, Urretxu
Izen-ematea: https://gip.eus/dqbrl (gipuzkoangazte.eus webgunearen bidez)
Sakontze-ikastaroa: Stop antsietatea
Data: maiatzak 24
Ordua: 10:00
Lekua: Kultur Etxea, Urretxu
Izen-ematea: (gipuzkoangazte.eus webgunearen bidez, 3 aste lehenago)
Bizitzarako trebetasunak Legazpin
Bidaia bat antolatu
Data: maiatzak 27
Ordua: 18:30
Lekua: Kultur Etxea, Legazpi
Izen-ematea: (gipuzkoangazte.eus webgunearen bidez, 3 aste lehenago)
Begirada Kritikoa Zumarragan
Begirada kritikoa eta diskurtso ukatzaileak
Data: ekaina
Ordua: 17:30
Lekua: Zelai Arizti Kultur Etxea, Zumarraga
Izen-ematea: (gipuzkoangazte.eus webgunearen bidez, 3 aste lehenago)
Begirada Kritikoa: Scape box
Data: ekaina
Ordua: 17:30
Lekua: Zelai Arizti Kultur Etxea, Zumarraga
Izen-ematea: (gipuzkoangazte.eus webgunearen bidez, 3 aste lehenago)