Uztalai, marrazketa ikastaroa eta kirol jardueretarako izen-ematea, Santikutz jaien ondoren
Udako aisialdi eta kirol eskaintzari buruzko informazioa aurreratu du Legazpiko Udalak, «familiei jarduera horien planifikazioan laguntzeko asmoz».

Legazpiko Udala hasi da udako aisialdi, kultura eta kirol eskaintza prestatzen, eta Santikutzen ostean, maiatzaren 5ean irekiko ditu Uztalai udalekuetarako eta marrazketa eta kirol ikastaroetarako izena emateko epeak. Oraindik egun batzuk falta dira, baina «familiei jarduera horien planifikazioan laguntzeko asmoz» eman du ikastaroen berri.
Uztalai udalekuetarako izena maiatzaren 5etik 18ra arte eman beharko da www.legazpi.eus webgunean. Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatu ditu, eta uztailaren 1etik 24ra izango dira, 2015etik 2022ra bitartean jaiotako haurrei zuzenduta.
Marrazketa ikastaroa, berriz, Arkatza elkarteak antolatu du, eta Kultur Etxean emango dute ekainaren 23tik uztailaren 18ra bitartean, 2019an edo lehenago jaiotako haur eta gazteei zuzenduta. 28 plaza daude, eta Kultur Etxean eman behar da izena maiatzaren 5etik 30era arte.
Kirol eskaintza
Bikuña kiroldegiak prestatutako kirol eskaintza zabalagoa da. Aurten, igeriketa, padela, gazte zumba, crossfit gazte eta natur inguruneko kirol jarduerak eskaini ditu. Igeriketan eta crossfitean izan ezik, jarduera guztiak 8 eta 14 urte bitarteko haur eta gazteei zuzenduta daude. Igeriketa 3 eta 7 urte bitarteko haurrentzat izango da, crossfita, 12 eta 16 urte bitartekoentzat.
Izena emateko epea maiatzaren 5etik 30era artekoa izango da, eta horretarako kiroldegira bertara joan, 943 73 12 43 telefonora deitu edo harrera@legazpiko-kiroldegia.info helbidera mezu bat bidali daiteke. Udalaren www.legazpi.eus/kirol-ataria webgunean ere eman daiteke izena.
Ikastaro eta jarduera bakoitzari buruzko informazioa udalak kaleratu duen esku orrian edo www.legazpi.eus webgunean dago. Esku orria kiroldegian, Kultur Etxean eta udaletxean jaso daiteke.
Familiek, gainera, ikastetxeen online plataformen bidez jasoko dute informazio guztia