Aitor Tatiegik irabazi du 53. Osinalde Saria
Aitor Tatiegi, Haira Aizpurua, June Aiestaran, Eki Mateorena, Iruri Altzerreka eta Libe Goenaga izan dira larunbatean jokatutako finalean. Aizpuruak jaso ditu publikoaren saria eta bertso onenaren saria.

Aitor Tatiegi oñatiarrak irabazi du bertsolari gazteentzako 53. Osinalde Saria. Larunbatean jokatu zen Gabiriako Osinalde Elkartean. Sariketa martxoan hasi zen. Hiru kanporaketa jokatu dituzte hemezortzi bertsolari gaztek, kanporaketa bakoitzean seik, eta bakoitzetik bi sailkatuta, seik jokatu dute finala. Tatiegirekin batera, Haira Aizpurua saratarra, June Aiestaran beasaindarra (finaleko goierritar bakarra), Eki Mateorena leitzarra, Iruri Altzerreka garaitarra eta Libe Goenaga getariarra aritu ziren kantuan larunbatean. Ane Etxezarretak aurkeztu zuen saioa, eta epaile lanetan aritu ziren Oihana Aranguren, Xabier Iriondo, Eresti Oiarbide, Asier Ibaibarriaga eta Eneko Araiztegi Korta.
Martxoaren 29an izan zen lehenengo kanporaketa, Ordiziako 27. Argi Berri Saria, alegia. Haira Aizpurua eta Libe Goenaga sailkatu ziren. Bigarren kanporaketa, berriz, Zaldibiako XII. Osinberde saria izan zen, apirilaren 5ean. Iruri Altzerreka eta Eki Mateorena sailkatu ziren bertan. Eta Gabiriako Aztiria Saritik June Aiestaran eta Aitor Tatiegi sailkatu ziren, apirilaren 12an.
160 bat lagun bildu ziren larunbatean Osinalde Elkartean sei bertsolari gazteak kantuan entzuteko. Tatiegik irabazi zuen saioa, eta Aizpuruak, aldiz, publikoaren saria eta bertso onenaren saria jaso zituen.
Argazkiak: Bertsoa.eus