Irakurle taldea sortu dute Legorretan
Maiatzaren 26an egingo dute lehenengo topaketa. Aukeratutako liburua Olga Tokarczuk idazle poloniarraren 'Erabili goldea hilen gezurren gainetik' da.

Martxoaren 24an irakurtzeko gustuko duten hainbat legorretar elkartu eta Legorretan irakurzaletasuna sustatu eta literaturaz gozatuko duen taldea osatzea erabaki zuten. Eta lehenengo hitzordua eta irakurgaia ere finkatu zituzten: “Bertaratutakoen artean, liburu bat aukeratu genuen, euskaraz nahiz gazteleraz irakur daitekeena, norberak aukeratzeko nahi duen hizkuntzan, eta ondoren, maiatzaren 26an, elkartuko gara liburuaz mintzatzeko eta iritziak jasotzeko”.
Aukeratutako liburua Olga Tokarczuk idazle poloniarraren Erabili goldea hilen gezurren gainetik (Sobre los huesos de los muertos) da.
Solasaldia dinamizatuko duen pertsona baten laguntza izango dutela aurreratu dute, “Legorretako Udalaren babesari esker kontratatua”.
Legorretarrei irakurle taldean parte hartzeko deia egin diete.