Legazpi, Euskal Herriko xake txapelketaren egoitza
Bizkaiko Carlos Suarezek irabazi du txapela. Santikutz klubak antolatu du txapelketa bigarren urtez jarraian.

Santikutz klubak antolatuta, Euskal Herriko xake txapelketa jokatu da Agirre-etxeberrin joan den astean. Igandean amaitu da, eta bizkaitar batek jantzi du txapela. Sestao xake elkarteko Carlos Suarez izan da irabazlea.
Bigarren urtez jarraian antolatu du txapelketa Legazpiko klubak, eta aurten ere Gipuzkoako, Arabako, Nafarroako eta Bizkaiko jokalari onenak bildu ditu, 24 guztira. Antolatzaileak oso gustura geratu dira txapelketaren emaitzarekin, baita partaideak eta xake federazioko ordezkariak ere.
Carlos Suarez txapeldun
Txapelketa joan den asteartean hasi zen, hilaren 22an, eta atzo amaitu zen. Bitartean, zazpi erronda jokatu zituzten jokalariek, eta partida guztiak internetez eman zituzten zuzenean. Agirre-etxeberrira ere jende ugari hurbildu zen, horien artean jokalariak eta zaletuak.
Amaiera oso berdindua suertatu zen. Sestao klubeko Carlos Suarezek irabazi zuen, lau garaipenek eta hiru berdinketek emandako 5,5 punturekin. Bigarren postuan Beasaingo Alfil klubeko Asier Lakuntza ordiziarra sailkatu zen, puntuetan eta garaipen eta berdinketa kopuruetan berdinduta. Hirugarrena, berriz, hasierako rankingean lehen postuan zegoen Unai Garbisu izan zen, Iruñeko Orvina klubekoa, 4,5 punturekin.
Legazpiko Markel Vesga gaztea bederatzigarrena izan zen 4 punturekin, eta aipagarria izan zen beste gazte batek egindako lana, 15 urteko Zumaiako Oier Sarasketarena, hain zuzen.
Beste emaitzak
Beste bi txapelketa paralelo ere jokatu ziren. Ostegun gaueko torneo azkarrean 18 jokalarik parte hartu zuten, 14 txapelketako partaideak ziren, eta beste lauak, Santikutz klubeko kideak. Horretan ere, Carlos Suarez izan zen irabazlea.
Larunbat arratsaldean haurren txapelketa izan zen, eta hori Aretxabaletako Ekaitz Apraizek irabazi zuen.
Sariak igande eguerdian banatu zituzten, eta ekitaldian Josu Galilea Legazpiko Kiroletako zinegotzia, Euskal Herriko xake federazioko lehendakari Miguel Angel Muela eta Santikutz klub antolatzaileko ordezkariak izan ziren.
Sariak banatu ondoren, bazkaria izan zuten partaideek eta antolatzaileek La Bellota extremadurar zentroan.