Unax Larraza, bosgarren Espainiako judo txapelketan
Legazpiarra haur mailako bigarren urteko kategorian lehiatu da. Atzo jokatu zen txapelketa Huescan, eta familiakoak eta lagunak izan zituen ondoan judoka gazteak.

Judo Legazpi klubeko Unax Larraza Arrizabalaga bosgarren postuan sailkatu da Espainiako txapelketan. Atzo jokatu zen txapelketa Huescan, eta Larraza haur mailan lehiatu zen, -50 kiloko kategorian.
Huescan familiaren eta klubeko hainbat kideren babesa izan zuen. Harmailetan klubeko Urko Betolaza, Anderson Rosario, Adriana Real, Maitane Prieto eta Elixabete Martin izan ziren, eta pistan Asier Berasategi entrenatzailea. Larrazaren Oier Alustiza laguna ere bertan izan zen, denboraldi hasieratik bere ondoan egon dena eta jaiegunetan ere prestaketan lagundu diona.
Bost borroka
Larrazak bost bost borroka egin zituen guztira, eta horietatik hiru irabazi zituen, eta bi galdu. Klubeko ordezkariek azaldu dutenez, “hasierako aurreikuspenak gaindituz, hiru borroka ikusgarri irabazi zituen, eta ondorioz, final erdietara iristea lortu zuen, bere gaitasun guztia erakutsiz, eta txapelketako finalera sartzeko ateak zabalduz”.
Baina final laurdenetan sorbaldan luxazio bat jasan zuen, eta “horrek baldintzatu egin zuen bere jarduna”. Hala eta guztiz ere, borrokatzen jarraitzea erabaki zuen, eta azkenik Asturiasko ordezkari Unai Cuervoren aurka galdu egin zuen. Unaxek berak adierazi zuen bezala, “sorbaldako lesiorik gabe, askoz hobeto borrokatu, eta agian irabazi ahal izango nuen”.
Brontzezko domina eskuratzeko lehian, kaltetutako sorbaldaren gainean erori zen, eta horren eraginez ezin izan zuen domina hori lortu. Hala ere, bosgarren postuan sailkatu zen.
Emaitza hau iazko txapelketan lortutako baina askoz ere hobea izan dela diote klubeko ordezkariek, eta judoka gazteak egin duen aurrerapena eta hobekuntza agerian utzi dute. Bera ere “oso pozik” dago lortutak erakutsitako mailarekin.
Txapelketa honek erakutsi du “Unaxek eta Judo Legazpik kalitatea eta maila dutela Espainiako onenen aurka lehiatzeko, betiere entrenamendu egokiekin eta behar bezala lan eginez gero. Judoan, rankingari erreparatu gabe. edozeinek edozein garaitu dezakeela ere agerian utzi du. Izan ere, Larrazak Espainiako zazpigarren sailkatuari irabazi zion bere bigarren borrokaldian, eta hirugarren garaipena Espainiako bigarrenaren aurka lortu zuen, “bere kirol ibilbidean arrastoa utziko duen lorpen aparta”.
Etorkizunerako erronkak
Etorkizunari begira, Larrazaren helburuak dira “orain arte bezala prestatzen jarraitzea eta kadete mailan hastea”. Hori dela eta, klubeko beste kadeteekin batera lan egiten hasiko da, “maila oso altua baitute”. Gainera, Espainia osoko hainbat txapelketatan parte hartuko du, eta Espainiako Kopako zirkuituan lehiatzea aurreikusten du. Epe luzera, berriz, kadete gisa Espainiako Txapelketara itzultzea da, eta “oraingoan lortu ezin izan duen domina eskuratzea”.