Amiantoaren biktimak aitortzeko eskatu dute
CAFeko langileek amiantoaren biktimak oroitu dituzte. Amiantoaren erruz hil diren zazpi langile omendu dituzte. Konpentsazio funtsa «behingoz» onartzea exijitu dute.

«Lan-osasunaren alde» eta «amiantoak hil egiten duela» gogorarazteko mobilizazio jendetsua izan zen Beasainen, atzo goizean. Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez, CAF lantegiko langileek bi orduko lanuztea egin zuten, goizeko 10:00etan hasita. Lanuztea baliatu zuten herriko kaleetan manifestazioa egiteko. Eguna ekitaldi sinboliko batekin amaitu zen, Amiantorenei eskulturaren ondoan. Amiantoaren biktimen oroimena gordetzea helburu duen eskultura honen inguruan batu ziren CAFeko langileak, amiantoaren biktimen senideak, eta eragile sozial eta politiko desberdinetako ordezkariak, Asviamie elkarteko Jon Garcia eta Jesus Uzkudun, EH Bilduko Maddalen Iriarte, Zelai Amenabarro eta Eraitz Saez de Egilaz eta Podemoseko Miren Etxebeste eta Aritz Corsitto, besteak beste.
68 hildako CAFen
Manifestazioaren ondorengo ekitaldian gogoratu zutenez, «jada, 68 dira Beasaingo CAFen amiantoa erabiltzearen ondorioz hildako pertsona kopurua». Langile batzordearentzat «zifra izugarria da» eta atzoko ekitaldiaren bidez, «denak balorean jarri» nahi izan zituzten.
Amiantoaren biktima guztiak oroitu zituzten, baina bereziki, azken urtean hildako zazpi lankideentzako izan zen omenaldia. Pertsona horien izenak irakurri ahala, senitartekoek Amiantoarenei eskulturan krabelin txuri bana utzi zuten, eta ondoren, lankide hauen oroimenean minutuko isilunea egin zuten. Amiantoagatik hildako langile hauen aitortza eta haien familientzako erreparazioa aldarrikatu zituzten ekitaldian.
Bi eskaera
Lan-baldintza seguru eta duinen garrantzia agerian uzteko ere baliatu zuten ekitaldi publiko hau. Batetik, salatu zuten fabrikan amiantoarekin kontaktua izan dutenen zerrenda handitzeko burutu zuten salaketa erantzuteko «ia urtebete» behar izan duela lan ikuskaritzak: «Eta gure eskaria ez dela serioski baloratu azpimarratu nahi dugu». Eta bestetik, «epe motzean denentzako izango den konpentsazio funtsaren erregelamendua behingoz onartzea exijitzen» diote Espainiako gobernuari.













