Gari eta Gorka Salmeron, kontzertuan eta solasaldian Latxartegin
Legazpiarrak maiatzaren 9an egingo duen kantaldian zehar, etenaldia egingo dute musikaz eta kulturaz hitz egiteko. Garik disko berezia kaleratu du bere ibilbidearen 30. urteurrena ospatzeko, eta Legazpin abiatuko du kontzertu bira.

Garik eta Gorka Salmeronek oholtza konpartituko dute datorren asteko ostiralean, maiatzak 9, Latxartegi aretoan. Legazpiko kantariak kontzertua egingo du egun horretan 20:00etan, eta emanaldian zehar etenaldi bat egingo du argazkilariarekin batera solasaldi labur bat egiteko, musikaz eta kulturaz.
Garik 1995 urtean argitaratu zuen lehen bakarkako diskoa Elkarrekin, Gari izenekoa, eta Gorka Salmeronek egin zituen lan hartako argazkiak. Orain, bere ibilbidearen 30. urteurrenean, disko berria kaleratu du. Lehen lan haren binilozko edizio zaharberritua egin du, tirada mugatukoa, eta Garik ahotsak berriz grabatu ditu jatorrizko pisten gainean. Orduko argazkiak ere berreskuratu ditu.
Urteurrena ospatzeko, gainera, kontzertu bira berezia egingo du, eta Legazpiko emanaldiarekin emango dio hasiera.
Latxartegiko kontzerturako sarrerak salgai daude Latxartegiren leihatila digitalean. Sarrerarik geratzen bada, maiatzaren 9an bertan, aretoko leihatilan jarriko dira salgai 19:00etan.