Hiru aztarnategi arkeologiko berri aurkitu ditu Aralarren Felix Ugarte Elkarteak
2024. urtea "bereziki emankorra" izan dela esan du elkarteak Enirio Aralarko Mankomunitateari bidalitako mezu batean. Aztarnategi arkeologiko horietako batean aurkitutako hezur-hondakinek "5.300 urteko antzinatasuna" eman die.

Enirio Aralarko Mankomunitateak jakinarazi duenez, Aralarren hiru aztarnategi arkeologiko berri aurkitu ditu Felix Ugarte Elkarteak. Elkarteak berak mezu bat bidali dio mankomunitateari, eta mankomunitateak bere webgunean zabaldu du mezua. 2024. urtea Aralarren egin dituen prospekzio arkeologikoetan “bereziki emankorra” izan dela dio elkarteak.
Neolitoan kokatu dute aurkikuntzetako bat: “Hainbat kobazulotan esku hartu dugu eta hiru aztarnategi arkeologiko berri aurkitu ditugu. Horietako batean aurkitutako hezur-hondakinek 5.300 urteko antzinatasuna eman digute eta Neolitora garamatzate”. Lehen nekazari eta artzainen jatorria izen zela aipatu dute: “Garai hartan gizakia ehiztari-biltzaile izatetik ekoizle izatera igaro zen, eta Aralar mendilerroa zeharkatu eta inguruak kolonizatu zituen”.
CSICekin lankidetzan
Arritzagako meatzaritzaren historiaurreko aztarnak ikertzen jarraitu dute aldi berean, eta “Kalkolitoko eta Brontze Aroko meatze-ustiategi berriak aurkitu” dituzte. “Hala ere, garrantzitsuena meategietatik erauzitako kobre-mineralaren prozesatze- eta kontzentrazio-arrastoak eta kobre arsenikaleko lingote baten aurkikuntza izan dira. Horrek guztiak erakusten digu duela 3700 urte baino gehiago Aralarren metalurgi lanak egiten zirela eta Mendilerrotik ateratako kobreak garai hartako aztarnategi arkeologikoetan lurralde zabal batean izan zuen hedapena ezagutzeko aukera ematen digu”.
CSICekin lankidetzan ari dira, “azterketa metalografikoak, osagaien analisiak eta lingotearen eta mineralaren berunezko isotopoen definizioa” egiten: “Erreferentzia gisa erabiliko da, Kalkolitoko eta Brontze Aroko herrixketan aurkitutako kobrezko objektuen analisiekin alderatzeko, ez baitakigu nondik datozen”, adierazi du elkarteak.
Ikerketa Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailaren diru laguntza batekin egin dute. Elkarteak eskerrak eman dizkie mankomunitateari emandako “laguntza, baimen eta erraztasunengatik”.