Jabier Ormazabalen omenezko txirrindulari probak borobilduko du Santikutz eguna Seguran
Larunbatean jokatuko da kadeteen mailako Jabier Ormazabalen omenezko proba. 150 bat txirrindulari espero dituzte Segurako proban, larunbatean.

Segurako txirrindulari elkarteak antolatuta, kadeteen mailako Jabier Ormazabalen omenezko 51. txirrindulari proba jokatuko da larunbatean, 16:00etan hasita.
Urtero Beheko barrioko Santikutz eguneko jaiaren bueltan antolatzen dute lasterketa. Aurten Segurako txirrindulari elkarteak herrian antolatzen duen hirugarren proba izango da. Lasterketan kadete mailako 150 bat txirrindulariren parte hartzea aurreikusi dute antolatzaileek; Eritz Sodupe segurarraren parte hartzea ere ziurtatu dutelarik.
Germanenetik hasita
Ohi bezala, lasterketa Germanenean hasi eta bukatuko da larunbatean. Guztira 58,5 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute ziklistek. Seguratik Zegamara joan-etorria egingo dute hasieran, ondoren Iurre aldera joan eta handik Ormaiztegira. Gabiriako bide zaharretik itzulia eginda Ormaiztegira joango dira berriz eta handik Segurara hartuko dute gero.
Lasterketaren bigarren zatia «gogorragoa» izango dela aurreratu dute: «Berriz ere Iurretik barrena Ormaiztegira joko du pelotoiak eta azken kilometroetan Liernia eta Zerain igo. beharko dituzte. Lierniako mendatea helmugatik 11,5 kilometrora igaroko dute eta Zeraingoa 4,5 kilometrora», zehaztu dute.
Boluntarioei deia
Proba antolatzeko 50 boluntarioren laguntza beharko du elkarteak. Hala, lasterketa egunean bidegurutzean zaintzeko prest dagoenari elkarteko kideekin harremanetan jartzeko deia egin diete.
Bestalde, Beheko barrioko jaia ere ospatuko dute larunbatean. 19:00etan, ohi bezala meza izango da Santa Kruz ermitan eta ondoren, auzotarren arteko toka txapelketari emango diote hasiera. Amaitzeko, mahairen bueltan eserita auzo afaria egingo dute bertaratutakoek Zopajale elkartean.