Jon Andoni Martinen argazki estudio berezia
Argazkilari azkoitiarrak Katilu tabernaren ondoan instalatu du laborategia, eta argazkiak eta erretratuak egin ditu antzinako kamera eta teknikak erabilita.

Jon Andoni Martin argazkilari azkoitiarra Legazpin izan da gaur egun osoan zehar, herriko eta herritarren argazkiak egiten. Katilu tabernaren ondoan instalatu du estudioa eta laborategia, eta bertan egon da goiz eta arratsaldez antzinako kamerarekin eta teknika bereziak erabilita herriko hainbat tokiko argazkiak eta herritarren erretratuak egiten. Gorka Salmeron argazkilari legazpiarra izan du laguntzaile, eta Ikatzako kide batzuk ere hurbildu dira lan nola egiten duen ikustera.
Batetik, Daquerrotipoaren teknika erabilita, herriko hainbat guneren argazkiak atera ditu, eta bestetik, legazpiarren erretratuak kolodioi hezearen teknika erabilita egin ditu.
Argazki horiekin eta beste batzuekin erakusketak egingo ditu gero Joan Kruz ile apaindegian eta Katilu tabernan, maiatzaren 12tik ekainaren amaiera arte. Egindako erretratuak herritarrei oparituko zaizkie, eta udalak daguerrotipoak jasoko ditu.
Kolodoi hezearen teknikak argazkilaritza demokratizatu zuen 1851ean, daguerrotipoa eta beste teknika batzuk baino merkeagoa zelako, beste teknika batzuk garestiagoak eta arriskutsuagoak zirelako. Aluminiozko edo beirazko plaka eta zilar-nitratoa dira oinarria, argazkilariaren artisau lanarekin batera.