Tori! banaketa zerbitzu «eroso eta jasangarri» berria martxan dago
Takila adimenduak kokatu dituzte herriko bost gunetan. Etxez etxeko bizikleta bidezko banaketarekin osatuko da zerbitzua. Komunitateetan takila adimenduak ipintzeko aukera zabaldu du Udalak.

Tori! banaketa zerbitzua martxan dago Beasainen. Erosketak jasotzeko takila adimenduak ipini dituzte herriko bost puntutan eta bizikleta bidezko etxez etxeko banaketak osatuko du zerbitzua. Zapatari kaleko 2 zenbakian kokatu dituzten takilen ondoan egin dute aurkezpena. Leire Artola Beasaingo alkateak, Adur Ugartemendia zinegotziak eta Eneritz XXXx Bareak merkataritza elkarteko ordezkariak, parte hartu dute, BasqueCCAM zerbitzuaren inpaktua neurtuko duen enpresaren, Normo takila adimentsuak garatu dituen enpresaren eta Txita bizikleta bidezko banaketaren ordezkariekin batera.
«Egiten ditugun erosketak modu erosoan eta jasangarrian jasotzeko zerbitzu bat da», nabarmendu du Leire Artola alkateak. Helburu bat baino gehiago zerrendatu ditu Artolak; batetik «mezulariek eskariak uzteko puntu bezala balioko dute», eta bestetik, «bertako merkataritza sustatzeko zerbitzu bat izango da». Eta zerbitzua osatzeko erabiliko den bizikletarekin, «saltokietan zuzenean jasoko dira paketeak eta etxerainoko zerbitzua emango du», osatu du informazioa.
Erosketak internet bidez egiteko hautua handitzen ari den gizarte honetan, «internet bidezko plataforma handiekin lehiatu ahal izateko aukera bat» dela azpimarratu du Adur Ugartemendia zinegotziak. Hori horrela, Bareak elkartea aliantza honen parte izatea «ezinbestekoa» zela esan du. Horrekin batera, «mezulariek banaketa egiterako garaian sor dezaketen gehiegizko trafikoa murriztea da helburua» Ugartemendiak gehitu duenez. Takila adimenduekin, beraz, «ordutegi malguak» lortzen dira banaketa egiteko, hala, «beasaindarren bizi kalitatea hobetuz».
Bareak elkarteko ordezkari Eneritz Iturriozek nabarmendu duenez tokiko merkataritzarentzat «balio erantsia» izango da zerbitzua. «Onuragarria iruditu zitzaigun sortzen diren horrelako berrikuntzak probatzea, batik bat, eroslearengandik hurbilago egotea lagunduko digun zerbait izango daitekeelako», borobildu du Iturriozek.
Bost puntu eta gehiago
Takila adimenduak Beasaingo bost puntutan kokatu dira. Aurkezpena egin tokian, Zapatari kalean; udaletxeko arkupean; Antzizar kiroldegiko sarreran; Barrendain plazako etxolan; eta Ezkiagako frontoian.
Gainera, etxebizitzetako atarietan dohain instalatzeko aukera emango da. Ugartemendiak zehaztu zuenez, 90 etxebizitzen komunitateetako bizilagunentzat takilak ipintzeko aukera dago. Bi urtez kostu eta loturarik gabe eskainiko da zerbitzua, froga moduan. Zerbitzuarekin gustura gelditzen direnek, luzapena eskatzekoa aukera izango dut, Normo enpresarekin harpidetuta, eta urteko kostua 95 eurokoa izango da. Etxeko atarian takila adimendua ipini nahi dutenek, Beasaingo Udalaren webguneko Tori! Takilla bat nahi dut! atalean agertzen den inprimakia bete beharko dute. Eskaera komunitateko presidenteak egin beharko du.