Herri danborrada, 700 partaideren langara iristeko gertu aurten
Entseguak apirilaren hasieran hasi ziren, eta aste batzuen ondoren, dena prest dago maiatzaren 2ko gauerako. Iaz bezala, aurten ere hiru adar izango ditu danborradak

Hamazazpi konpainiatan banatutako 551 danbor eta upel jotzaile eta abanderatu (Andraitz eta Sustraiak berriak dira), Legazpi Musika Bandako eta Trapalata txarangako musikariak, Santikutz abesbatzako kantariak, figuranteak, Ormazarretako zaldiak, Urretxuko Ipeñarrietako idiak, Andoni Gutierrezen astoa, eta bestelako laguntzaileak. Horiek denek emango diote bizia danborradari. Aurten 684 partaide izango ditu herri danborradak, inoizko kopururik altuena.
Entseguak apirilaren hasieran hasi ziren, eta aste batzuen ondoren, dena prest dago maiatzaren 2ko gauerako. Iaz bezala, aurten ere hiru adar izango ditu danborradak. Bi Laubidetik aterako dira, bandako musikariekin; bat Santikutz kaletik behera joango da, eta bestea Juanastegitik barrena, Gaztetxe ondotik igarotzeko. Bikuña-Eneatik aterako da hirugarren adarra, txarangaren doinuek lagunduta, eta Plazaolatik joango da.
Kale Nagusian elkartuko dira guztiak, eta plazan amaituko dute ibilbidea. Han, gauerdian, 00:00etan, bandera balkoian jarriko dute, eta emanaldi nagusia egingo dute, aurten bertan bildutako publikoari keinu bat eginez.