Ikatzak bi egunez argazkilari bihurtzeko deia egin die legazpiarrei
Lehen lehiaketa argazki rally berezia izango da, eta bestea herrikoiagoa.

Ikatza elkarteko kideek gainerako herritarrekin konpartitu nahi dute argazkigintzarekiko duten zaletasuna, eta bi lehiaketa antolatu dituzte Santikutz jaietarako. Bata rally formatukoa izango da, eta bestea, klasikoa.
Lehen lehiaketa biharko argazki rally berezia izango da. Berezia izango da, «pasabide unibertsalean 50 mm-ko objektibo bakarra erabili ahal izango dutelako partaideek, hau da, full frame-a, edo haren baliokideak beste sentsore tamaina batzuetan», antolatzaileek azaldu dutenez. «Argazkigintzaz bere egoerarik puruenean gozatzeko pentsatutako rallya da». Rally honetan ezin izango dute beste osagarririk erabili, «ez flash edo linternarik, ez tripoderik, ez iragazkirik…». Argazkilaritzan esperientzia minimo bat dutenei zuzenduta dago.
Lehiaketa herrikoia
Beste lehiaketa herrikoiagoa da. Ostiralean, maiatzaren 2an egingo da, ganadu ferian. Edozeinek parte hartu dezake, helduek kamerarekin, eta 15 urtez azpikoek mugikorrarekin. Argazkiak ikatzarallya@gmail.com helbidera bidali beharko dira.
Sari ugari egongo dira. Helduetan, irabazleak 200 euro jasoko ditu, 150 bigarrenak eta 100 herriko onenak, eta gazteetan, 100 euro irabazleak eta 50 euro bigarrenak.