Merkataritza biziberritzeko laguntzak emango ditu Beasaingo Udalak
Lokal hutsak alokatzeko edo erosteko laguntzak bideratuko dira. Eskaerak egin daitezke azaroaren 30era arte.

Beasaingo Udalak merkataritza sektorea bultzatzeko diru-laguntzak lortzeko baldintzak ezagutzera eman ditu. Merkataritza sektorea «indartu» eta herriko lokal komertzial hutsak «berriz okupatzeko edo lokalen eskualdaketa egiteko» helburuz bideratu dituzte laguntza hauek, «udalerriko merkataritza-guneak biziberritzeko, negozio berriak erakartzeko eta daudenak eskualdatzeko erraztasunak emanaz».
Hala, bi motatako laguntzak eskainiko dira. Batetik, hutsik dauden lokalak alokatzeko laguntzak daude. Kasu horretan, lehenengo urtean alokairuaren %50eko edo hilabeteko gehienez 300 euroko laguntza emango da, eta bigarren eta hirugarren urtean alokairuaren %40a, gehienez 200 euro hilabeteko.
Bestetik, hutsik dauden lokalak erosteko laguntzak izango dira. Kasu horretan, katastroko balioaren %4koa, gehienez 2.000 eurokoa izango da laguntza.
Eskaerak aurkezteko epea azaroaren 30a arte egongo da irekita. Udalak 30.000 euro jarri ditu eskuragarri baina eskaerak gehiago balira ditu zorroa handituko litzateke. Diru-laguntzak hiru ekitaldi ekonomikotan ordainduko dira, eta proiektuak bete beharreko baldintzak Udalak oinarrietan zehaztutakoak dira.
Informazio gehiagorako Beasaingo Udaleko merkataritza sailera jo daiteke. Eskaerak aurkezteko, berriz, IGunean edo elektronikoki tramitatu Beasaingo Udalaren webgunean.