Garbiñe Alustiza eta Xabier Lazkano irabazle, Santikutz bola sarian
Danantzako klubak antolatu du txapelketa, Legazpiko jaien barruan. Juan Pedro Agirre izan da herriko onena.

Bola jokoak ere lekua izaten du Legazpiko jaietan, eta gaur jokatu da urteroko Santikutz Txapelketa, herriko Danantzako klubak antolatuta, Mauleon hotelaren ondoko bolatokian. Gipuzkoa osoko 36 bolarik parte hartu dute, horien artean sei emakumek.
Emakumezkoen Santikutz saria Zeraingo Garbiñe Alustizak irabazi du, 24 birla botata. Bigarrena Ategorrietako Olatz Larrañaga izan da, 24 birlekin hori ere. Hirugarren Zeraingo Aitziber Makazaga sailkatu da 22 birlekin eta laugarrena, Zarauzko Goretti Bilbao izan da, 18 birlekin.
Gizonezkoen txapela, berriz, Ategorrietako Xabier Lazkanok jantzi du, 30 birla bota eta gero. Kopuru bera bota du bigarren sailkatu den Belauntzako Ramon Iglesiasek. Hirugarrena Urnietako Benito Loitegi izan da, 29 birlekin, eta laugarrena, Legazpiko Juan Pedro Agirre, 27 birlekin.
Agirrek herriko saria ere irabazi du. Atzetik, Alex Martinez sailkatu da 26 birlekin, Enrike Martinez 19 birlekin, eta Ion Orikain 16 birlekin.