Martin Reyk irabazi du Santikutz Klasikoa Legazpiko jaietako bigarren egunean
Goizean izan da lasterketa. Oso azkarra izan da, eta txirrindulariak aurreikusita baino lehenago iritsi dira helmugara. Ekitaldi gehiago ere izan dira, eguraldiak lagunduta.

Martin Reyk irabazi du Santikutz klasikoaren 91. edizioa. Gaur goizean egin da lasterketa, Legazpiko jaietako bigarren egunean, eta 175 txirrindulari afizionatuen partaidetzarekin. Eguraldia lagun, irabazleak 3:51:08ko denboran egin ditu ibilbidearen 153 kilometroak, helmugara antolakuntzak aurreikusitakoa baino lehen iritsita. Partaideetatik 85k lortu dute lasterketa amaitzea.
Klasikoaren txapela jantzi duen Martin Rey Cortizo taldekoa da. Bigarren postuan Finisher/Ken Pharma taldeko Cesar Perez sailkatu da eta hirugarrenean Caja Rural-Alea taldeko Pablo Lospitao. Lehen euskalduna Finisher-Kern taldeko Iker Gomez izan da, zortzigarren postuan. Euskadi Fundazioa taldeko Gari Ugarte legazpiarrak ez du lasterketa amaitzerik lortu. Tarteko helmugen sailkapena Vigo-Rias Baixas taldeko Alejandro Granadosek irabazi du eta mendikoa, Cortizo taldeko Martin Solhaugenek. Taldekako sailkapena Cortizok irabazi du.
Lasterketa azkarra
Txirrindulariak oso azkar ibili dira hasieratik, «dena eman dute», esan du Telleriarteko Txirrindulari elkarte antolatzaileko Enrique Vizcayk, «eta gu ere harrituta geratu gara helmugara hain azkar iritsi direnean». Talde handiak osatu dira, eta mendate guztietan erasotzen zuten. Ihesaldiak ere izan dira, baina ondoriorik gabeak. Horietako batean, ia amaieran, Atagoitin aurretik zihoazenak harrapatu duen 15-bat txirrindulariko taldea batera iritsi da herrira, eta Martin Reyk irabazi du esprintean.
Lasterketan hainbat eroriko izan dira, eta Kopako lider zen Extremadura Pebetero taldeko Jose Maria Martin izan da lurrera joan denetako bat, bi aldiz gainera. Hala ere, 19. postuan iritsi da helmugara, eta Kopako lidergoari eustea lortu du.
Goizeko beste ekitaldiak
Txirrindularitzak goiz osoa hartu badu ere, Legazpin izan da gaur ekitaldi gehiago Santikutz jaien barruan. Horietako bat, Eneko Gutierrez magoaren jarduna izan da. Legazpiar gazte honek Izeba Felisaren irratia ikuskizuna estreinatu du plazan, publiko ugariren aurrean.
Doinua Musika eskolako gaztetxoek ere izan dute tokia jai egitarauan, eta goizean kalejiran atera dira Agirre-etxeberritik plaza aldera, Korporazio Txikiko partaideak udaletxeraino laguntzeko. Han, herritarren aurrean aurkeztu dituzte jaietan agintea izango dituzte gaztetxoak. Aurten, Alaitz Legorburu da alkatea, eta Elene Salazar, Izaia Nuñez, Malen Muñez eta Olaia Moro zinegotziak.
Goiza, bestetik, argazkilariz bete da, Ikatza elkarteak antolatutako argazki rally bereziaren kontura, eta Danantzako bolatokian ez da girorik falta izan, Gipuzkoa mailako txapelketaren aitzakiarekin.
Bazkaltzeko garaian giroa Haztegi ikastolako pilotalekuan kokatu da, kuadrillen bazkariarekin. Handik Urbeltzera joango dira gehienak bazkaltzen amaitutakoan, herri mailako pilota txapelketaren final handia ikusteko. Goizean haurren txapelketako finalak jokatu dira.
Danborrada
Arratsaldean, pilotarekin batera, haurren eta gazteen danborrada izango da protagonista nagusia. Laubidetik aterata, ohiko ibilbidea egin zuten partaideek plazaraino, korporazio txikiko kideek eta Iker Gonzalez kapitainak eta Deiane Barroso kantinerak lagunduta. Danborrada 18:00etan hasiko da, eta ibilbide hau egingo du: Laubide, Santikutz kalea, Patrizio Etxeberria kalea, Nafarroa Kalea, Kale Nagusia, eta Euskal Herria plaza.











































