Beñat Perez eta Oier Altzelai, Legazpiko pilota txapelketako irabazleak
Atzo arratsaldean jokatu zen finala Urbeltz pilotalekuan, goizean haurren txapelketakoak egin eta gero. Bihar pilota profesionaleko partidak izango dira, 17:30ean hasita.

Pilotaren eguna ere izan zen atzo Santikutz jaietan, Legazpiko Gazteak klubak antolatutako bi txapelketen finalak jokatu zirelako Urbeltz pilotalekuan.
Goizean, haurren eta gaztetxoen txapelketaren 15. edizioko finalak jokatu ziren, ohi bezala kimu, aurre benjamin, benjamin eta haur mailako pilotarienak. Aurtengoan ere, Legazpiko pilotariez gain, Ezkio, Urretxu eta Zumarragako pilota eskoletako haurrek parte hartu dute txapelketa honetan, guztira 90 pilotari..
Arratsaldean, binakako pilota txapelketa herrikoiaren final handia jokatu zen, pilotalekura kuadrillen bazkaritik gazte ugari zuzenean joanda eta Trapalata txarangak girotuta. Txapelketa honetan 38 bikotek parte hartu dute, eta Beñat Perez eta Oier Altzelai izan dira txapeldunak, Anartz Agirreri eta Xabat Goikoetxeari 22-8 irabazita.
Bihar, pilota profesionala
Bihar, berriz, pilota profesional izango da Urbeltz pilotalekuan, 17:30etik aurrera. Partida nagusian Euskal Herriko binakako pilota txapelketa irabazi zuten Ezkurdia eta Rezusta izango dira jokoan, Jaka eta Mariezkurrena II-aren aurka. Aurretik, beste norgehiagoka bat ere izango da: Senar-Ugartemendia bikoa Murua-Erostarbe bikoaren aurka.

Haurren txapelketako finalistak.

Arratsaldeko finaletarako goraino bete zen Urbeltz pilotalekua.