Danbor hotsez bete da Legazpi
Haurren eta gazteen danborradaren eguna izan zen atzokoa, eta gaur ia 700 herritar elkartuko dira herri danborradan irteteko.

Legazpiko haurrek eta gazteek danbor hotsez bete zituzten herriko kaleak atzo, Laubidetik Euskal herria plazaraino egin zuten danborradarekin.Ormazarreta zalditegiko zaldi gainean zihoazen Deiane Barroso kantinerak eta Iker Gonzalez kapitainak gidatu zuten danborrada, atzean korporazio txikiko Alaitz Legorburu alkatea, eta Elene Salazar, Izaia Nuñez, Malen Nuñez eta Olaia Moro zinegotziak zituztela. Legazpi Musika Bandako kideak arduratu ziren musikaz.
Danborradak geldialdia egin zuen bere ibilbidean Santikutz egoitza aurrean, beran bildutako egoiliarrei pieza batzuk eskaintzeko.
Gaur, herri danborrada
Atzokoa, gaurko herri danborradaren aurrekaria izan zen. Hamazazpi konpainiatan banatutako 551 danbor eta upel jotzaile eta abanderatu (Andraitz eta Sustraiak berriak dira), Legazpi Musika Bandako eta Trapalata txarangako musikariak, Santikutz abesbatzako kantariak, figuranteak, Ormazarretako zaldiak, Urretxuko Ipeñarrietako idiak, Andoni Gutierrezen astoa, eta bestelako laguntzaileak izango dira gaueko protagonistak, ia 700 lagun.
Hiru adarretan banatuta aterako da danborrada 22:30ean, 12:gauerdirako plazara iristeko.Bi Laubidetik aterako dira, bandako musikariekin; bat Santikutz kaletik behera joango da, eta bestea Juanastegitik barrena, Gaztetxe ondotik igarotzeko. Bikuña-Eneatik aterako da hirugarren adarra, txarangaren doinuek lagunduta, eta Plazaolatik joango da.
Kale Nagusian elkartuko dira guztiak, eta plazan amaituko dute ibilbidea. Han, gauerdian, 00:00etan, bandera balkoian jarriko dute, eta emanaldi nagusia egingo dute, aurten bertan bildutako publikoari keinu bat eginez.










































