Herriko ganaduzaleen festa Legazpin
Abereak jaitsi dituzte baserritik kalera, eta festa giroan igaro dute goiza, nahiz eta euriak ia zapuztu duen guztia. Burruntzian erretako Urtatza Azpiko txekorrak oso harrera ona izan du.

Herriko ganaduzaleak izan dira goizeko protagonistak Legazpin Santikutz jaietan, tartetan bota dituen euri zaparradekin batera. Ez du aurreko egunetako eguraldi eguzkitsu eta goxorik egin, baina euriak ez du zapuztu festarako gogoa, eta ateri egon denean, jendez bete da Kale Nagusia, herriko baserritarrek eta ganaduzaleek egiten duten lana bertatik bertara ezagutzeko. Behiak, zaldiak eta behorrak, astoak eta ahuntzak jarri dituzte ikusgai gaur.
Xalinko eta Txirbil elkarteko kideek zeramika eta egurra nola lantzen erakusten jardun dute, hainbat artisauk postuak jarri dituzte, jateko produktuen saltzaileek ere bai, eta taloak ere izan dira.
Jatekoen atalean atzo gauekin burruntzian erretako txekorrak izan duen harrera nabarmendu behar da. Bertatik Bertara proiektuko kide den Urtatza Azpikoa baserriko Mikel Mantxolak hazitako aberea zen, eta pintxoetarako zatituta, Solkie-Gure Esku dago taldea arduratu da salmentaz eta banaketaz.
Ganadu azoka honetan zehar argazkilari ugari ikusi dira, Ikatza argazkilari elkarteak argazki lehiaketa zuelako antolatuta gaurko egunerako. Musika ere izan da, Legazpiko dultzaina taldeak jarrita.
Bestela, eta eguraldiak aginduta, herri kirolekin zerikusia duten jolasen saioa Haztegi ikastolako pilotalekuaren aterpean egin dute, eta plazan egitekoa zen familia bazkaria Gizarte Zentroan izan da azkenik.
Gaurko egunarekin Santikutz jaiak egitarauaren erdira iritsi dira. Oraindik gaurko arratsalde eta gau osoa eta asteburua falta dira lehen txanpa osatzeko. Hurrengo asteburuan Kapela Dantza eta Mirandaola eguna ospatuko dira.
Ikusi hemen egitaraua:
Maiatzak 2, ostirala
22:00: Herri danborradaren irteera, Laubidetik eta Bikuña plazatik.
00:00: Herriko bandera igotzea, Legazpiko ereserkia eta danborradaren emanaldia, plazan.
01:00: Joselontxos txaranga.
Maiatzak 3, larunbata. Santikutz eguna
09:00: Goiz Deia txistularien kalejira.
09:30: Iruñeko Ezpelur gaitero taldea.
10:30: Mirandaolako Gurutze Santuaren prozesioa, txistulariekin eta dantzariekin, eliz atarian. Ondoren, meza, Santikutz abesbatzarekin.
12:00: Santikutz ekitaldia, plazan. Ezpelur gaiteroak, ezpata-dantza Sustraiak taldearekin, Olaria saria Txillidaren langileei, soka-dantza, zinta-dantza eta larrain dantza.
14:00: Larrain dantza herrikoia, Kale Nagusian.
16:00: Zirku Eskola handia haur eta gazteentzat, Latxartegi parkean.
17:30: Pilotari profesionalen partidak, Urbeltzen.
19:00: Zaldien erakustaldia, Ormazarreta zalditegiarekin, Kale Nagusian.
20:00: Kalakan taldearen eta Legazpiko Musika Bandaren kontzertua, plazan.
23:00: Latuna Bando txaranga.
Maiatzak 4, igandea. Santikutz Txiki eguna
10:00: Legazpiko dultzaineroen kalejira, Hegialdetik eta San Martinetik plazaraino.
10:00: Xake txapelketa, Azokan.
11:00: Musika eskolako Banda Txiki eta Gazte Band taldeen kalejira.
12:00: Doinua musika eskolako banden kontzertua, Kale Nagusian.
13:00: Alaitasuna errondailaren kalejira.
18:00: LEK erraldoi eta buruhandi konpartsaren, Gaztedi dultzaineroen eta Doinuzar gaiteroen kalejira.
19:30: Euskorleans eta Kukai taldeen musika eta dantza ikuskizun ibiltaria.
















































