Amelia Jauregiri omenaldia eta gazta onenari saria, Idiazabalgo Gazta Azokan
Omenaldia egin diote Gabiriako Baztarrika baserriko Amelia Jauregi artzain eta gaztagileari, artzaintzari eta gaztagintzari eskainitako bizitzagatik. Gabiriako Baztarrika gaztandegia izan da Gazta Txapelketa Herrikoiaren irabazlea.

Atzo eta gaur bitartean ospatu da aurtengo Idiazabalgo Gazta Azoka, eta ekintza desberdinez gozatzeko aukera izan da asteburu osoan zehar. Azokaz gain, mamia egiteko saioa eta txapelketa, show cooking saioa edo gazta ketze erakustaldia egin dira. Horiez gain, denboraldiko gazta berria lehenengoz dastatzeko aukera ere izan da.
Gaur eguerdian, Amelia Jauregi Gabiriako Baztarrika baserriko artzain eta gaztagileari omenaldia egin diote, artzaintzari eta gaztagintzari eskainitako bizitzagatik. Lurgintza Nekazal Kooperatibaren, EHNE sindikatuaren eta ELE Euskal Herriko Latxa elkartearen sorreretan ere parte hartu zuen. ELEko lehendakari izana da 11 urtez eta Artzai Gaztako lehendakaria beste lautan. Emakume Baserritarren elkarteko sortzaileetako bat ere izan zen.
Omenaldiaren ostean, Gazta Txapelketa Herrikoiaren sari banaketa egin da. Aurtengo irabazlea, 31 zenbakiarekin identifikatuta zegoen Gabiriako Baztarrika gaztandegia izan da. Bigarren saria, 40 zenbakidun eta Elgoibarren ekoizten den Mauxitxa gaztak eraman du. Hirugarren postuan Arruazun ekoizten den Albi gazta gelditu da, 45 zenbakiaz identifikatuta zegoena. Laugarren saria, 63 zenbakiarekin identifikatuta zegoen Idiazabalgo Gaztiñaditxulo gaztandegik eraman du, Ander Barandiaranek ekoizten duen gaztak. Azkenik,29 zenbakia zuen Zeraingo Arbelar markako gazta gelditu da, Etxezarreta anaiek egiten dutena.



































