Lazkaomendiko jaien azkeneko eguna ospatu dute
Goizean ibilaldi neurtua egin dute Lazkaoko ikastolako gaztetxoek, eta jarraian, haur jolasen txanda izan da. Arratsaldean, berriz, pailazoak, trikitilariak eta bertso saioaz gozatzeko aukera izango da.

Urtero lez, Lazkaomendiko festek erreleboa hartu die Lazkaoko San Prudentzio jaiei. Maiatzaren 2an hasi eta gaur arte ospatu dira festak, gustu guztiak asetzeko ekintza eta jarduera ugarirekin. Gaur goizean Lazkaotik Lazkaomendirako ibilaldi neurtua egin dute Lazkaoko ikastolako gaztetxoek, eta jarraian, Lartxai elkartean eta Ixurrene tabernan haurren jolasak egin dira, Oin Arin eta LTMEko trikitilariek lagunduta.
12:30etako mezaren ostean, arratsaldean ere jarraipena izango du festak. 16:30ean Kiki eta Koko pailazoen ikuskizuna egingo da, eta jarraian, 17:30ean, Izer eta Alabier trikitilarien saioa. 18:00etan, berriz, bertsoen txanda izango da, Nerea Ibarzabal eta Julio Soto bertsolariekin. Azkenik, 20:00etan berriro ere Izer eta Alabier trikitilariek trikitixa emanaldia egingo dute.





























































































