Legazpiko zaintza ekosistema lantzeko hiru jardunaldi
Etzi hasita, maiatzeko lehen hiru asteazkenetan egingo dituzte, Gizarte Zentroan, udaleko Gizarte Zerbitzuek bultzatuta.

Legazpiko zaintza ekosistema lantzeko hiru saio egingo dituzte maiatzean zehar, Gizarte Zentroan. Bertan, herrian egindako diagnostikoaren berri emango diete partaideei, gai horren inguruan dauden arazoak identifikatuko dituzte, eta konponbideak bilatzen saiatuko dira, arreta eta zainketa eredu berriak proposatzeko.
Saioak asteazkenetan izango dira, hilaren 7an, 14an eta 21ean, 16:30tatik 19:00tara. Udaleko Gizarte Zerbitzuek sustatutako jarduera da hau.
Legazpin, adineko asko
Udal ordezkariek gogoratu dutenez, Gipuzkoako beste hainbat udalerrik bezala, Legazpik ere zainketen tokiko ekosistemak bultzatzen dituen Zaintza HerriLab estrategiaren parte izan nahi du. Hori dela eta, Eusko Ikaskuntzarekin eta Foru Aldundiarekin batera, Legazpiko zaintza sistema proiektua ezarri nahi dute herrian, zainketen tokiko ekosistemak bultzatzeko.
Gaur egun Legazpin 80 urtetik gorako 760 pertsona daude. Biztanleen %26,7 65 urtetik gorakoak dira, eta %34,4 60 urtetik gorakoak. Kopuru hauek, Gipuzkoako bigarren altuenak dira. Udalak dio “biztanleriaren zahartzea etorkizuneko erronka bat” dela, baina “zahartzaroaz jardutean, bizitzako esparru guztiak” kontuan hartu behar direla zehazten du, eta “ezinbestekotzat jotzen da adinekoek gizarteari egiten dioten ekarpena, zaintza lanean, boluntario lanean eta belaunaldien arteko ezagutzaren transmisioan”.
Hori guztiagatik, “garrantzitsua” da “herritarrak erdigunean jarriko dituen zaintza egituratzeko ekosistema baten alde lan egitea”. Udalak arreta eta zainketa eredu berri bat sustatu nahi du, arreta eta zainketa ibilbideak diseinatu, hau da, “pertsonarengan oinarritutako arreta ikuspegia erabiltzea, pertsona ardatz eta erdigune gisa jarriz”.
Proiektu honen barruan, “pertsonaren autonomia pertsonala eta parte hartze soziala” sustatu nahi dute. Zaintzak behar dituen pertsonari eta familiak eta zaintzaile afektiboek osatzen duten haren laguntza sareari “arreta integral eta jarraitua” bermatu behar zaiela diote udal ordezkariek, eta “pertsona bere ingurunean mantentzea sustatu behar dela”. Herriko baliabide ezberdinen arteko komunikazioa eta elkarlana indartu nahi dute horretarako, eta osasun zentroarekin etengabeko harremana izango dute.
Hiru saio
Hiru saio antolatu dituzte Legazpiko zaintzaren ekosistemaz jarduteko. Lehena asteazken honetan, hilak 7, izango da, eta bertan, herriko eta eskualdeko eragileei eta Legazpiko udal zerbitzuetako erabiltzaileei egindako galdetegiaren ondorengo diagnostikoa aurkeztuko dute, eta horretan agertzen diren gaiei buruzko hausnarketa kolektibo bat egingo dute.
Hurrengo saioa hilaren 14an izango da, eta Legazpin zaintzaren inguruan dauden arazoak eta lehentasunak identifikatuko dituzte.
Azkenik, hilaren 14an, konponbideen mapa bat egingo dute, ondoren arreta eta zainketa eredu berriak proposatzeko.
Ezkurrenea
Legazpiko zaintzaren ekosistemaren proiektua honekin batera, Ezkurrenea proiektua ere martxan dutela gogorarazi dute udal ordezkariek. Ezkurrenea belaunaldien arteko etxebizitza komunitarioa izango da, eta proiektu horren bidez, “Legazpik arreta, babes eta garapen sozialerako eredu berritzaile berri bat ezarri nahi du”.
Biztanleriaren zahartzeak dakarren erronkari erantzutea da Ezkurrenearen helburuetako bat, eta beste bat, lankidetza, “belaunaldiartekotasuna, erantzunkidetasuna eta elkartasuna bezalako balioak indartuz”. Gazteen emantzipazio beharrari erantzutea ere badu helburuen artean.