Pentsiodunen sinadura bilketa amaitu da
Goierrin 3.000 sinadura bildu dituzte. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 125.000tik gora.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM) jai giroarekin amaitu zuen larunbatean Ordizian Gutxieneko Pentsioa Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin parekatzeko sinadura bilketa. EHPMren esanetan, sinadura bilketarekin, “mugarri bat” jarri dute “pentsioen sistema publikoaren defentsan eta Gutxieneko Pentsioa Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin parekatzeko borrokan”.
Sinadura horiekin, Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako Herri Ekimen Legegilea -HEL- osoko bilkuran eztabaidatu eta bozka dadin lortu nahi dute. “Pentsiodunen Mugimendua nekaezin aritu da aldarrikapen hori ikusarazteko lanean, eta azken txanpa handi horrekin sinadura-bilketaren zifra historikoak gainditzea espero dugu, horrela, aurreko HEL -Herri Ekimen Legegile- bakar batek ere ez baitu halako babesik lortu”.
Pentsio duintasunerantz
EHPMren esanetan, “HELk pentsio duinak bermatzea eta Gutxieneko Pentsioa Gutxieneko Soldatarekin parekatzea du helburu, eskari hori funtsezkoa baita Euskal Herriko milaka pertsonarentzat. Kanpaina hau ixtean, erakundeek herritarren ahotsa entzutea eta horren arabera jokatzea espero du mugimenduak. Publiko diren Gipuzkoako datak, Goierrira, estrapolatzen baditugu, 4.000 pentsiodunetik gora gara, hilean, 1.100 euro azpiko pentsioekin”.
Mobilizazioekin jarraituko dute
Hala ere, garbi dute larunbatean ez dela bukatzen Pentsiodunon mobilizazio programa. Astelehenero bezalaxe, gaur 11:00etan, Ordiziako Plazan izango elkartuko dira.
Bestalde, maiatzaren 15ean, Gasteizezko manifestaziora joateko autobusak antolatu dituzte Goierritik, eta gaur egongo da izena emateko aukera. Manifestazioaren bidez, Eusko Jaurlaritzara eramango dituzte bildutako sinadurak. “Kanpaina hau ixtean, erakundeek herritarren ahotsa entzutea eta horren arabera jokatzea espero du mugimenduak”.