Santikutz jaien lehen txanpa amaitu da
Musika izan da asteburuko protagonistetako bat, Ormazarreta zalditegikoen erakustaldiarekin batera. Atzo arratsaldeko ekitaldiak bertan behera geratu ziren euriagatik. Kapela dantza eta Mirandaola Eguna geratzen dira oraindik.

Amaitu da Legazpiko Santikutz jaien lehen txanpa. Apirilaren 30ean Bertso-olariak bertso eskolako kideek botatako txupinarekin hasita eta atzo iluntzera arte, ekitaldiz eta jai giroz beteriko asteburua izan da herrian. Orain, Kapela dantza eta Mirandaola eguna geratzen dira jaiei azken agurra emateko. Kapela dantza larunbatean egingo dute, plazan 12:00etan hasita, eta Mirandaola eguna igandean ospatuko da, goiz eta arratsaldez.
Ostiral gauean ia 700 herritar elkartu zituen danborradaren ondoren, musika izan da lehen festa asteburu bete honetako protagonistetako bat, eta herriko taldeek leku nabarmena izan dute. Larunbatean, Sustraiak taldeko emakumeen ezpata-dantza hunkigarriak eta kaleko larrain dantzak, Legazpi Musika Bandaren eta Kalakan taldearen emanaldiari eman zioten erreleboa. Igandean, berriz, Doinua Musika eskolako banda txikiak eta gazte bandak emanaldi bana eskaini zuten eguerdian, eta ondoren Alaitasuna errondailak kontzertu ibiltaria egin zuen. Legazpiko dultzaineroak ere ia etengabe ibili ziren igande osoan kalean. Eta gauero, txosnan ere izan da musika, makina bat talde eta disko jartzaile izan direla bertan.
Zaldien ikuskizuna
Baina musikaz gain, izan dira ekitaldi gehiago ere, eta nabarmenen artean, Ormazarreta zalditegiko zaldien eta zaldunen ikuskizuna izan zen. Larunbat arratsaldean egin zuten, publikoz gainezka zegoen Kale Nagusian. Azken urteetan jaietan klasiko bihurtu den ekitaldia da hau, eta urtero izaten du berezitasunen bat. Aurtengoan aipagarria izan da zaldunen kopurua, eta nola ez, ikuskizunaren hasieran eskaini zuten aurreskua eta zinta dantza.
Euria ere izan da
Euria ere aipatu behar da, aurten ere izan dela Santikutz jaietan. Igande goizean tarte batean gogor bota zuen, eta ganadu feria zapuztekotan egon zen, baina atertu, eta feriak bere programarekin jarraitu ahal izan zuen.
Atzo eguerdian eta arratsaldean bestelakoa gertatu zen. Iragarrita zegoen ekaitza, eta iritsi zen, hori bai, Alaitasuna errondailaren kalejira amaitu eta gero. Tamalez, arratsalderako aurreikusita zeuden ekitaldiak bertan behera utzi zituzten, eta Euskorleans eta Kukai dantza taldearen emanaldia atzeratu egin zuten beste asteburu batera.







































