Bide berdearen XVI. eguna ospatuko dute igandean
Maiatzaren 11n ospatuko dute Ormaiztegi eta Mutiloa artean. Ibilaldi gidatua eta saio gastronomikorako izena eman daiteke jada, Zumalakarregin.

Mutiloa eta Ormaiztegi arteko Bide Berdearen eguna ospatuko dute igande honetan, hamaseigarren urtez. Azken urteetan bezalatsu, Bide berdetik mahaira izenburupean jardunaldia antolatu du Ormaiztegiko Zumalakarregi museoak Goitur eta Ormaiztegiko eta Mutiloako udalekin elkarlanean.
Maiatzaren 11n, 9:30ean abiatuta ibilaldi gidatua eta saio gastronomikoa daude antolatuta. Azken edizioetan bezala Clara Gutierrez biologo eta etnobiologoak dinamizatuko du jarduera. Ormaiztegi eta Mutiloa arteko bide berdean dauden lore eta landare basatiak identifikatzen eta jasotzen irakatsiko die Gutierrezek parte hartzaileei. Aurrez izena ematea derrigorrezkoa da parte hartzeko. Lekuak mugatuak dira eta azken urteetako arrakasta ikusita, lehenbailehen apuntatzeko gomendioa egin dute antolatzaileek. Izena emateko 659 434 565 telefonora deitu edo zumalakarregi@gipuzkoa.eus helbidera mezu bat idatzi daiteke. 3 euroko kostua du.
Saio gastronomikoa
Liernin emango dioet hasiera 9:30ean ibilaldi gidatuari. Ibilbide zirkularra osatuko dute Barnaola, Troi Bidea eta Mutiloatik igarota, berriz Liernin amaitzeko. Ibilbidean zehar sukaldaritzan erabiltzeko landareak eta loreak identifikatuko eta bilduko dituzte Gutierrezen gidaritzapean, haien ezaugarriak eta propietateak ezagutuz.
Ibilbidea amaitu aurretik, Mutiloan geldialdia egingo dute Txerri Gorri elkartean saio gastronomikoa egiteko. Jasotako lore eta landareekin plater ezberdinak egingo dituzte, bertaratutakoen artean dastatzeko. Menua prest dute dagoeneko. Llanteneko pate tradizionala, arbendol eta perretxiko patea pinpinela eta basa-baratxuriekin eta bideko landareekin egindako tenpurak izango dituzte hasteko. Ondoren, bide berdeko basaranekin egindako salda, patatak malba eta asunekin, espaloi eta hegaluzearekin egindako tarta —aukera beganoa ere egongo da— eta bide berdeko basaranekin egindako askotariko enpanadak eta hostopilak eta sahats fruituarekin egindako postre sorpresa, amaitzeko.