Euskal Gastronomia Akademiaren saria Beasaingo Odolkiaren Kofradiari
Martin Urkiolak eta Juanjo Ganzarainek jaso dute oroigarria, hainbat hamarkadatan Beasaingo hestebete ospetsuaren sustapenean eta hedapenean lan egiteagatik.

Gasteizko Jardines de Uleta Hoteleko Kristalezko Patioan banatu ziren atzo Euskal Gastronomia Akademiaren XXXI. Sariak. Bertan izan ziren Amaia Barredo Nekazaritza sailburua, Maria Nanclares Sustapen Ekonomikoko zinegotzia eta Raimundo Ruiz de Escudero Haziko zuzendaria. Maria del Mar Churruca elkarteko presidenteak eta Aitor Buendia kazetariak aurkeztu zuten gala.
Gastronomiaren defentsan eta sustapenean lanean diharduten eragile desberdinei aitortza egiteko helburuarekin banatzen dira sari hauek urtero, eta aurtengo sarituen artean dago Beasaingo Odolkiaren Kofradia. Denera sei sari banatu zituzten eta Beasaingo Odolkiaren Kofradiari Juan Jose Lapitz produktuari saria egokitu diote. Martin Urkiolak eta Juanjo Ganzarainek jaso zuten oroigarria, hainbat hamarkadatan Beasaingo hestebete ospetsuaren sustapenean eta hedapenean lan egiteagatik.
Gainontzeko sarituak ondorengoak izan ziren: Jose Maria Busca Isusi saria Luis Javier del Valle Vegak jaso zuen, Dendecaguelu.com webguneagatik; 1984an sortutako Sobremesa aldizkariak Luis Irizar Saria irabazi zuen; Manuel Llano Gorostiza saria Telmo Rodrigez Hernandorena enologoarentzat izan zen; eta Gastro Goxua sariak omenaldia egin zion Arabatxo Goxua Arabako Gozotegi eta Artisau Gozogintza Elkarteak sortutako postre bati.
Topaketa amaitzeko, Euskal Gastronomia Akademiak aipamen berezia egin zion Azti Fundazioari, Rogelio Pozok zuzentzen duen eta itsas ingurunean eta elikaduran espezializatuta dagoen euskal zientzia eta teknologia zentroari.
Ekitaldia izan ziren hamarnaka gonbidatuen artean izan ziren Ordiziako Idiazabal Gaztaren kofradiako ordezkariak Jose Mari Ormaetxea eta Jose Inazio Iturrioz, besteak beste.