Gurutz Linazasoro neurologoak irekiko du 'Musika Garaia' egitaraua
Musikak burmuinean duen eraginaz izango da biharko hitzaldia. Mikel Urdangarinen kontzertua izango da larunbatean. Sei ekintza izango dira denera, musika herritarrei gerturatzeko helburuarekin.

Egitarau oparoarekin dator Musika Garaia egitaraua aurtengo maiatzean. Musika herritarrei hurbildu eta Musika Eskolari ikusgarritasuna emateko helburuarekin antolatu dute Beasaingo Musika Eskolak eta udalak elkarlanean. Ikasturte berrirako, ikasle berriak erakartzea ere bada asmoa; bost urtetik aurrera adin mugarik gabe, ateak irekita daudela gogorarazi dute. Matrikulazio epearen berri ere eman dute; maiatzaren 18ra arte izango da.
Musika Garaia egitarauaren barruan antolatu dituzten sei ekintzetatik lehena asteazken arratsaldean izango da. Hitzaldi batekin emango diote hasiera. Gurutz Linazasoro neurologo eta ikertzaile zumarragak Musica y cerebro hitzaldia eskainiko du Igartzako jauregian, 18:00etan hasita. Hitzaldian musikak giza burmuinean duen eragina azalduko du.
Hurrengo ekintza, ostegunean izango da. Txiki-Musik, Musika Eskolako 5 eta 7 urte bitarteko ikasleen emanaldia izango da. Plaza azpian izango da, 17:15ean hasita. Musika Eskolako tailerreko eta hastapeneko taldeek hainbat abesti aurkeztuko dituzte bertan, era desberdinetan jorratuak, hau da, abestuz eta dantzatuz perkusio txikiko instrumentuen laguntzarekin; tuboak, kanpaiak eta abar.
Egun berean, Erauskin plazan, 19:00etan, Musika plazara emanaldia eskainiko da. Bertan, Musika Eskolako talde handiak izango dira: Banda, perkusio taldea, trikitilariak, koral taldea eta Narama abesbatza.
Larunbatean, hilak 10, Mikel Urdangarin eta Loinatz Udal Musika Eskolako harizko orkestraren kontzertua izango da, La Salle ikastetxearen patioan. 19:00etan irekiko dira ateak, eta kontzertua 19:30ean hasiko da. Edukiera bete arte onartuko da jendea.
Maiatzaren 18a igandean, berriz, Igartza Musika Zikloarekin bat eginez, Xarma laukotearen kontzertua izango da, Igartzako jauregian, 19:00etan hasita.
Azkenik, eta aurtengo Musika Garaia egitaraua itxiz, maiatzaren 29an, osteguna, Loinazko San Martin plazan Musika kalean emanaldia izango da arratsaldeko 19:00etan.